Zuzendaria: Joaquim Trier
Urtea: 2021
Herrialdea: Norvegia
-Ez da erraza pertsona ona izatea millenialen garaian-
Erritmo biziz hasten da Joaquim Trier norvegiarraren azken filma, eta bi ordu inguruko istorioari aski zaizkio lehen bost minutuak Julieren bizitzako ia hamar urte txukun laburbiltzeko. Pasatu da jada hamarte bat protagonista unibertsitatera sartu zenetik, eta makina bat buelta eman ditu bere bizitzak: medikuntza ikasketatik psikologiara, psikologiatik argazkilaritzara… nola ez, mutilekin ere berdintsu: modelo sexy hartatik Aksel ezagutzera, Akseletik Eivinden abenturara… Hori guztia bost minutu ziztrinetan? Baliteke gazte grina betidanik aseezina izan izana, baina grin horri egungo sintoma dirudien egonkortasun-falta gehituz gero (bai lanaren esparruan, baita pertsona arteko harremanetan ere gero eta gehiago nabaritzen den ezegonkortasun hori), ulertzekoa da Trierren gidoi apartaren hasierako estimulu zurrunbiloa. Noski, muntaia arinaren erdigunean daude smartphoneak eta horien etengabeko ‘swipe’k, baita mugikorrekin batera sortu zaigun denboraren pertzepzio berria ere —Uler ahal daiteke, azken finean, millenialon bizitzaren erritmoaren abiadura sare sozialak kontuan izan gabe? —.
Behintzat, badirudi gaztaroko ezegonkortasun etapa zail horretan murgilduta ibili arren, orain arte Juliek eraman duela bere patuaren gurdia. Hala ere, filmaren erritmoak izango ditu etenaldiak, eta gehiegi ez izan arren (edo agian horrexegatik), erraz nagusituko dira, nolabaiteko kutsu existentzialistaz baliatuz. Eta horrelakoetan, gurdiaren bridak eskuetatik irristatu egingo zaizkio gure protagonistari, bizi-laurdeneko krisialdiaren aurre egin behar diola (horrela deitu zion Abby Wilnerrek nerabezarotik heldutasunera egiteko trantsizio zail horretan agertzen den krisiari). Gelditu egin beharko dira, beraz, bai Julie, eta bai filma. Noski, millenialon bizi erritmo horien aurka, gelditu eta lasai arnasa hartzeko aukera hori baliteke nolabaiteko europar pribilegio batek ematea. Filmean ageri den IKEA estetikak, txukun landutako argazki-lanak, eta Starbuckesko kafeek ez digute non gauden ahazten utziko: Oslon, Eskandinavian, mendebaldar bizi-ereduaren tontorrean.
Baina Trierrek, Juliek bezalaxe, badaki europar mito horrek ez duela zentzu handirik, eta esan liteke ironia puntu batekin hurbiltzen dela inguratzen dion estetikara. IKEAren familia-idealaren aurka azalduko da Julie bera, hain zuzen; bada, filmaren hasierako bost minutuetan ez bezala, gainontzeko bi orduetan, bere zalantzek, helburu faltek, eta erantzukizun zein amatasunari izango dizkion beldurrek definituko dute pertsonaia. Rol konplexua gorpuztu du Renate Reinsvesek beharbada urteko antzezlan paregabeenarekin. Abiadura handiko ‘maitasun likidoa’ren garaian murgilduta, nola izango da erraza pertsona ona izatea?