Los caballos nunca mueren-zinea-kronikaZuzendaria: Ione Atenea
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria

Zuri-beltzezko irudiek eman diote hasiera 2022ko Punto de Vista zinema jaialdiari. Iruñera hurbildu direnek mesfidati begiratu dute Baluarte Jauregiko pantaila erraldoia, tokiz kanpo baleude bezala. 40ko eta 50eko hamarkadetan Hollywooden errodatutako noir generoko filmen fotogramak izan litezkeenak eduki dituzte aurrez aurre. Musikak ere badu ukitu epiko bat, eta tiro hotsak entzungo dira, gonbidatuta ez gauden poker partida bati buruzko detaileak, ahots robotiko batetik eratorriak. Errotuluetan irakur zitezkeen Howard Hawks, Jacques Tourneur, Alfred Hitchcock, Fritz Lang edota Billy Wilder… baina ez. Film by Ione Atenea. Ez dakit Atenea abizena ohikoa den Los Angelesen, baina Ione gutxi izango dira, ziur. Beltzera pasata, Los caballos mueren al amanecer, ikusten ari garen filmaren izenburua, eta berriz etena.

Bidaia nostalgikotik izartuta, guztiz aldatuko da tonua. Iluna bada ere, kolorea du orain irudiak. Etxe bat ageri da, ez oso txukuna, zaharra, bertako txokoak, leihoak, eskailerak, armairuak, logelak. Emakumezko ahots batek azalduko digu 3 urte daramatzala hutsik, aurreko bizilagunek utzi bezala aurkitu dutela berak eta bere lagunek, eta ezer ukitzera ausartzen ez direla. Badaki bertako objektu abandonatuek balioa dutela, eta prest dago ezkutatzen duten hori deskubritzeko.

Orduan konturatuko gara, filmeko lehen irudiak ez direla espioi, femme fatale, hiltzaile edota alkohol trafikatzaileak protagonista dituen film klasiko horietako fotogramak, ezta westernetakoak ere, baizik eta Antonio komikigilearen, Rosita abeslariaren eta Juanito -hirutetan txikiena- anai-arreben erretratuak. Frankismo garai latzetik alde egiteko birsortzen zituzten hainbeste maitatzen zituzten film iparramerikarren sekuentziak; margotzea, abeste edota musika jotzea zuten soilik gosetearen itolarritik ateratzeko ihesbidea.

Oinordetzarik ez duen familia baten oroitzapenak berreskuratzeko konpromisoa hartuko du Ateneak Los caballos mueren al amanecer filmean, balio historiografikoa emango dio bere egonaldiari. Beharbada inori interesa ez dakigun familia da garcíatarrena, baina zinemagile nafarraren muntaketa-lan antropologikoari esker hiru anai-arreba protagonisten existentzia aldarrikatuko du. Noizbait norbait izan baitziren. Mamu edo espiritu bilakatu diren ezezagunei Historia bat -benetakoa, asmatutakoa edota suposatutakoa-, idatziko die zuzendariak, zinemaren lengoaia bidez.

Collage dinamiko eta melankoliakoa eraikiko du Ateneak, guda zibilaren ondorengo urteetan betiko isildu diren ahotsen arimei presentzia eman nahian. Uneoro tinko mantenduko da bere begirada, kontaketa modu sentsorialean aurrera egiten lagunduko duena. Erakutsitako argazki, objektu, soinu erregistro pertsonal bakoitza zirraragarria da, duten izaeragatik eta ezkutatzen duten istorioagatik, eta lortuko du ikus-entzuleok beraiei buruz gehiago jakin nahi izatea.

Zinemak batuko ditu Ione eta Antonio, Rosa eta Juanito. Zinemak bihurtuko ditu banaezin. Anai-arrebak ez dira inoiz nafarraren ekinaz jabetuko, baina honek nekez ahaztuko du garcíatarrek beren etxean beso zabalik emandako ongi etorria.