Iragan asteburuan ospatu du Zinematografia eta Telebistako Arteen Akademia Britainiarrak BAFTA sarien 75. edizioa eta sorpresarik ez da izan: Jane Campion eta The Power od Dog izan dira irabazle nagusiak zuzendari eta film onenen kategorian, eta Oscar sarietarako faborito nagusi bilakatu dira.

The Power of dog - Bafta 2022-zinea

Sariak pilatzen dabil Campion eta bere azken filma, The Power of Dog. Venezian hasi zuen Zeelanda Berriko zinemagileak ibilbidea, zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia irabazita, eta Oscarretara bidean martxa ona hartu du.  GEHITU elkarteak Donostia Zinemaldiko filmen artean banatzen duen Sebastiane sariarekin errekonozitu zuen bere lana, eta berriki, Los Angeles Film Critics Association elkarteak ere sortzailea goraipatu zuen gainerakoen artetik.

Urrezko Globoetan ere nagusi izan zen urtarrilean The Power of Dog -pelikula, zuzendari eta taldeko aktore onenak-, eta iragan asteburuan berretsi egin du martxoaren 26ko ekitaldi nagusirako faborito nagusia dela: AEBetako kritikarien Critics’ Choice eta Erresuma Batuko Akademiaren Bafta sarietan nabarmendu dute urteko pelikula onena izan dela, azken honetan, gainera, zinemagile onena dela ere erabaki dute akademikoek. Kenneth Branaghen Belfast, Adam McKayren Don’t Look Up, Denis Villeneuveren Dune eta Paul Thomas Andersonen Licorice Pizza lanekin lehiatu da, batean zein bestean.

Martxoaren 13an ospatu dituzte Bafta sariak, eta Dune-k irabazi du sari gehien, bost guztira: argazki-zuzendaritza, musika, ekoizpen diseinu, soinu eta efektu berezi onenak. Belfast izendatu dute lurraldeko lan onena.

Will Smithi (King Richard) eman diote gizonezko aktore onenaren garaikurra, eta Joanna Scanlaniri (After Love) emakumezkoena. West Side Story-n parte hartu duen Ariana DeBose eta Coda-n ikusi dugun Troy Kotsurri izan dira taldeko aktore onenak.

Jatorrizko gidoirik onenaren saria Andersonek irabazi du, Licorice Pizza idazteagatik, eta egokitutako gidoirik onenarena Sian Hederrek, Coda filmagatik.

Ezustekorik ere ez da izan ingelesaz besteko film onenaren kategorian. Dagoeneko Oscar sarietara begira dago Ryusuke Hamaguchi, Drive My Car filmak sari-banaketa ekitaldi eta zinema jaialdietan izan duen arrakasta ikusita.