European Film Promotion nazioarteko sareak hiru euskal ekoizpen babestuko ditu martxoaren 17ra bitartean ospatuko duten Hong Kong International Film and TV Market (FILMART) merkatuan: Ibon Cormenzanaren La cima, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos eta Imanol Uriberen Llegaron de noche lanak.

EFP-Hong Kong-zinea

Asiako hitzordu garrantzitsuena da FILMART, europar ekoizpenak esportatzako aukera ematen duena. ICAA, German Films, Cinecittà eta Europa Creativa – MEDIAk lagunduta, EUROPE! UMBRELLA atalean 8 herrialdetako 25 enpresek parte hartuko dute, eta bertan izango dira, besteak beste, Filmax, Film  Factory eta Latido Films espainiarrak. Eta horiek aurkeztuko dituzten proiektuen artean daude La cima (Beyond The Summit), Cinco lobitos (Lullaby) eta Llegaron de noche.

Cormenzana zinemagile bilbotarrak bere laugarren lan zinematografikoa du La cima, Euskal Herriko, Kataluniako eta Aragoiko zenbait txokotan errodatutakoa. Drama emozional gisa aurkeztu du bere lana, eta istorioak Mateoren eta Ioneren bidaia emozionala azalduko du. Mateok (Javier Rey) munduko mendi arriskutsuenari, Annapurnari, aurre egingo dio lehenengoz, tontorrera iritsi eta promesa zahar bat betetzeko.

Bestalde, Berlinaleko Panorama sailean parte hartzetik dator Ruiz de Azúa, eta Malagako festibaletik igaro ostean, Bartzelonako D’A Film Festival jaialdian erakutsiko du bere opera prima: Cinco lobitos, amatasunari buruzko kontaketa intimo eta zintzoa.

Uribek, aldiz, Ignacio Ellacuriaren eta haren kide jesuiten hilketari buruzko Llegaron de noche filma martxoaren 25ean estreinatuko du zinema aretoetan. Karra Elejalde, Juana Acosta eta Carmelo Gomez aktoreak izango ditu protagonista, eta Nafarroa zein Kolonbiako lurretan errodatu dute.

European Film Promotion

Europa osoko 37 herrialdetako zinema sustatzeko institutuen nazioarteko sarea da EFP, eta horietako bakoitzak atzerrian dituen filmak eta talentu nazionalak ordezkatzen ditu. Europako zinemaren eta talentuaren aniztasuna eta espiritua funtsezko zinema-jaialdi eta -merkatuetan elkarrekin sustatzea du helburu, bereziki Europatik kanpo.