Mendi Tour 2022 zirkuitu ibiltariak abenturazko akzio dosi handiak ziurtatuko ditu urtarrilaz geroztik Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko hiri eta herrietan. Gaurtik aurrera Gasteiz izango du geraleku, hilaren 18ra bitartean, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiko lan nabarmenenak pantailaratuko dituzte.
Astebete baino gehiagoz, mendia eta natur gaiak izan ziren iragan abenduan Bilbon protagonista, izan ere, urtero legez, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiak abentura nahia asetzeko edota berpizteko proposamenak eskaini zizkien herritarrei. Oraindik ere gure artean dugun birusari aurre egiteko gai izan zen, bigarrenez, nazioarteko proiektu bikainenak biltzen dituen ekitaldia, izan ere, 7.500 ikus-entzuletik gora bildu zituen, eta urte berria hastearekin batera, herriz herri ari dira erakusten jaialdian lehiatu diren lan nabarmenenak.
2022ko Mendi Tour zirkuituak Ataunen hasi zuen bidea urtarrilaren 21ean, eta Donostian, Zangozan, Leioan, Vigon eta Canet d’Berenguer eta Iruñean geralekua egin ostean, Arabako hiriburura iritsiko da orain.
Mendi Tourrak 10. edizioa izango du Gasteizen, eta mendi zinemagintzaren urteko hitzordu nagusia bilakatu da dagoeneko. Martxoaren 14tik 18ra, Vital Fundazioa Kulturunean egunero saio bana eskainiko dute 19:30ean, hilaren 15ean salbu. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioko 8 film eskainiko dituzte; horietako sei saridun izan dira. Banakako sarrerak 5 euro ordainduta eskuratu daitezke leihatilan edota zirkuitu ibiltariaren webgunean.
Jarraian Gasteizko egitaraua:
- Hilaren 14an:
- Sciana Cieni (The Wall of Shadows, Eliza Kubarska) – Medi Filmeko sari nagusia
- Hilaren 16an:
- Le Cavalier Mongol (Hamid Sardar) – Zuzendari eta soinu banda onena
- Action Directe (Zachary Barr eta Josh Lowell) – Sail ofizialean lehiatu da
- Hilaren 17an:
- Fire in the Fingers (Toni Arbones) – Sail ofizialean lehiatu da
- The Traverse (Ben Tribbetts) – Epaimahaiaren saria
- Black Ice (Zachary Barr eta Peter Mortimer) – Eskaladako film onena
- Hilaren 18an:
- Txango -Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021
- Mendiak – 1976 (Luis Arrieta Etxeberria 2021) – Euskarazko film onena eta ikusleen saria
Informazio gehiago, hemen.