Con Ciencia y Arte elkarteak ekoiztutako LATSARIAK/LAVANDERAS (2022) dokumentalak datozen asteetan izango dituen emanaldiak zehaztu dituzte sortzaileek. Gaur bertan, Gernika-Lumoko Astra kultur fabrikan pantailaratuko dute. Saioa 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa da.
Emakume langileei lapurtutako memoria itzultzeko asmoz, Con Ciencia y Arte elkarteak latsarien lan gogorra aldarrikatuko duen LATSARIAK/LAVANDERAS lan dokumentala sortu berri du. 45 minutuko iraupena du, eta Esti Maguregik zuzendu du, Argenis Mesa, Marta Brancas eta Irune Lauzirika bidelagun zian dituela.
Dokumentalak batez ere Bilboko errealitatea izango du ardatz, baina Euskal Herriko beste toki batzuetako kontakizunak ere bilduko ditu: “Latsariek egindako lana ezinbestekoa izan da herritarren eta familien osasuna eta bizi-kalitatea mantentzeko. Hala, hamahiru emakumek beren esperientziak kontatzen dizkigute, eta garbitokiak nolakoak ziren eta non zeuden ere esaten digute”, azaldu dute sortzaileek.
BilbaoArte Fundazioaren Art House Zinema aretoan estreinatu ostean, eta otsailaren 25eko emanaldia atzeratu sotean, Gernika-Lumon gaur emango dute emakume latsarien bizipenak eta testigantzak bilduko dituen dokumentala, Astra kultur fabrikako lehenengo solairuan, 19:00etan. Jatorrizko bertsioan pantailaratuko dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Sarrera doakoa da.
LATSARIAK/LAVANDERAS lan dokumentalaren sortzaileek, gainera, hurrengo emanaldiak non eta noiz izango diren ere zehaztu dute:
- Martxoaren 17an, 18:30ean: Bilboko Barrainka-Abandoko Zentro Zibikoan
- Martxoaren 26an, 18:30ean: Bilboko Buiako Zentro Zibikoan
- Apirilaren 1ean, 18:30ean: Bilboko Masustegiko Zentro Zibikoan
- Maiatzaren 14an, 20:00etan: Bakedanon (Nafarroa)