Bilboko Zinegoak festibala herriz herriz hedatuko da 19. edizioan lehiatu diren lan onenak eskainiz. Hego Euskal Herriko hainbat toki bisitatuko ditu ZG Hedapena ekimenak, eta dagoeneko ezagutarazi dute martxoko egitaraua.

HEDAPENA_ZG2022

Helburu zehatz batekin sortu zuten Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko arduradunek 2020an ZG Hedapena. Jaialdian ikusgai izan diren lanak udalerrietara zabaltzea izan zuten asmo, oro har herrientzat zaila baita mota horretako edukiak eskuratzea. Izan ere, gero eta ohikoagoa da LGTBI+ edukiak edo pertsonaiak dituzten pelikulak zinema komertzialetara heltzea, baina ez da gauza bera gertatzen film labur eta dokumentalekin. Horrez gain, aniztasunarekin eta kulturarekin lotutako jarduera bat eskaintzea litzateke bigarren helburua, Zinegoak jaialdiko hautaketak eskaintzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 50 herritik igaroko da martxo eta apirilean ZG Hedapena, eta Zinegoak festibaleko 19. edizioan lehiatu diren film luze eta labur onenak erakutsiko dituzte.

Emakumeen Nazioarteko Egunean, martxoaren  8an ekin zioten ekimenari, Legorretan, eta hurrengo egunean Azpeitian, Beasainen zein Bergaran egin zituzten emanaldiak. Gaur, berriz, Lazkaon (Areria aretoan) eta Oiartzunen (Pleno aretoan) izango dira 19:00etan, hurrenez hurren.

Jarraian duzue martxoko egutegia:

  • Martxoak 11, 19:00etan: Oiartzun (Pleno aretoa)
  • Martxoak 11, 19:30ean: Bakio (Bakioko Kultur Etxea)
  • Martxoak 12, 18:30ean: Laudio (Laudioalde Zinema Arteoa)
  • Martxoaren 13an eta 19an, 19:30ean: Arrigorriaga (Lonbo aretoa)
  • Martxoak 15, 19:00etan: Tolosa (Topic aretoa)
  • Martxoaren 17an, 19:00etan: Balmaseda (Klaren Antzokia)
  • Martxoaren 17an, 19:30ean: Sestao (Musika Eskolan)
  • Martxoaren 17an eta 24an, 19:30ean: Ordizia (Herri Antzokia)
  • Martxoaren 18an, 19:00etan: Orio (Kultur Etxeko areto nagusia)
  • Martxoaren 19an, 19:30ean: Kuartango (Zuhatzuko Balneario Antzokia)
  • Martxoaren 22tik 24ra, 19:30ean: Donostia (Antzoki Zaharra)
  • Martxoaren 23an, 18:30ean: Berriz (Berrizko Kultur Etxea)
  • Martxoaren 23an eta 30ean, 19:00etan: Leioa (Auditorium Kultur Leioa)
  • Martxoaren 23an, 19:00etan: Aretxabaleta (Arkupe Zaraile aretoa)

Informazio gehiago, hemen.