Proserpa Film banatzailearen eskutik, Nouvelle Vague Frantziako olatu berriko partaideen lehenengo film laburrak egongo dira ikusgai ostegunero, Donostian. Gaur zikloaren bigarren emanaldia egingo dute Trueba aretoan, 20:00etan, eta lan dokumentalak izango dira protagonista.
Frantziar zinemaren berpizkundean eta zinema berrien oinarrian dauden Cahiers du Cinéma eta Positif aldizkarietako erredaktore izandako Jean-Luc Godard, François Truffaut, Claude Chabrol, Alain Resnais, Agnes Varda zein olatua puztu zuten Jean Rouch, Maurice Pialat eta Chris Marker zinemagileen lehen film laburrak pantaila handira ekarriko ditu Proserpa Film banatzaileak.
Madrilen hasi zuen Nouvelle Vague: Un comienzo zikloak bere ibilbidea, eta Bartzelonatik, Santiago Compostelatik zein Valentziatik pasa ondoren, Donostiako SADE enpresak kudeatutako Trueba aretora iritsiko da atzera begirakoa. Bost emanaldi izango ditu, martxoan. Ostegunero, gauzatuko da, 20:00etan.
Film labur dokumentalak zein fikziozkoak emango dituzte lehenengo, eta proiektatuko dituzten laburren artean, ikusmin berezia sortu du Godardek eta Truffautek elkarrekin zuzendutako lan bakarrak: Une histoire d’eau (1958). Hirugarren saioan garai hartako gizartearen erradiografia eskainiko duten lanak ezagutuko ditugu, eta Godardek zuzendutako Vivre sa vie (1962) -aurten 60 urte beteko dituena- zein Jacques Doniol-Valcrozen L’eau a la Bouche (1960) -Hego Euskal Herrian inoiz estreinatu gabea- egongo dira zinemazale ororentzat ikusgai azken bi hitzorduetan.
Jarraian duzue gaurko egitaraua:
Martxoaren 10ean:
- Toute la mémoire du monde (Alain Resnais, 1956)
- L’amour existe (Maurice Pialat, 1961)
- Ô saisons ô chateaux (Agnés Vardá, 1956)
- La Sixième Face du Pentagone (Chris Marker eta François Reichenbach, 1967)
Sarrerak SADEren webgunean eskuragai daude.