Nafarroako Filmotekak martxorako atondutako egitarauaren baitan, ‘Arrazakeriaren kontrako zinema’ zikloan aurreikusitako filmen lehen emanaldia egingo dute bihar, erakundearen egoitzan. 19:00etan hasita, Joanna Kos-Krauze eta Krzysztof Krauze poloniarrek zuzendutako Papusza (2013) filma emango dute.

Arrazakeriaren kontrako zinema-Nafarroako Filmoteka-zinea

Papusza ezizenez da ezaguna Bronislawa Wajs, Polonian bere lana argitaratuta ikusteko esker ona lortu zuen lehen emakume ijitoa. Herriko sekretuak traizionatu izana leporatu zioten komunitateko kideek, eta ondorioz, pobrezian murgilduta bizitzera kondenatu. Erruduntasunak torturatuta 1987an hil zen.

Emakume poloniarraren historia ekarriko digute lehen lerrora zinemagileek, 2013an Valladolideko Seminci zinema jaialdian saridun izan zena. Epaimahaiak zuzendari onenak izendatu zituen Kos-Krauze eta Krauze; aktore onena Papusza filmeko protagonista interpretatu zuen Zbigniew Walerys.

Emanaldiaren ostean, Patricia Ruiz de Irízar, Migrazio Politiken zuzendari nagusiak moderatutako solasaldia egongo da. Ricardo Hernández, Gaz Kaló Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioko koordinatzailea izango dute gonbidatu.

Arrazakeriaren kontrako zinema’ zikloak martxoaren 18an eta 25ean izango du jarraipena. Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarraren Toivon tuolla puolen (2017) filma emango dute lehenik, Javi Julio zuzendari eta argazkilari donostiarraren Aita Mari (2021) dokumentalak itxiko du emanaldi-sorta.

Emanaldiak 19:30ean izango dira, eta sarrerek 3 euro balio dute. Sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutura arte.