Zuzendaria: Matt Reeves
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB

“Dont tread on the Batman”

Watchmenekin Alan Moorek ondo jakin zuen superheroi amerikarren logikaren atzean izkutatzen den ideal anarko-liberala agerian uzten. Watergate eskandalua eta Vietnameko gerra bizi ondoren, estatubatuarrek figura politikoenganako konfiantza osoa galduta zutela, esan liteke superheroiaren figura bidegurutze zail baten aurrean aurkitu zela. Alde batetik, aspaldi sortutako Captain America bezalako figurak, bigarren mundu gerraren testuinguruko heroi propagandistikoak, Dr. Manhattan bezalakoek ordezkatuko zituzten, inperialismo nuklearraren ikur berriak, moralki oso eztabaidagarriak. Baina estatuaren trapu zikinak gorpuztuko zituzten supergizonez gain, gobernuaren ustelkeriari aurre egiteko antiheroi mendekatzaileak ere agertu beharko ziren: horra hor, bada, Rorschach, Travis Bicklen estiloko 70ko hamarkadako antiheroi hura, izpiritu amerikarraren genesian bertan iltzatuta dagoen don’t tread on me (“ez nazazu zapaldu”) intsignia sendotzeko.

Tonu solemnedun egunkariaren formatuari bakarrik erreparatuz, agerikoa da asko zor diola Matt Reevesek zuzendu duen Batman superheroiaren azken bertsioak Rorscharchen izpiritu libertario horri, nahiz eta oraingoan Robert Pattinsonek gorpuzten duen heroiak emo makillajea jazten duen eta Nirvanaren kantak entzuten dituen. Christopher Nolanen azken bertsio zinematografikoan superheroia estatu biolentziaren alde ilunena defendatzeko prest agertzen bazen (I-11ren ondorengo testuinguruan, legalitateaz haratago dagoen guztia egiteko libre: bai etengabeko bigilantziak, bai torturak…), Batman berri hau inoiz baino hurbilago dago unibertsoko bilau anarkisten susmoetatik: Gothamen ustelkeria gehiegizkoa irudituko zaio orain, inguruan dituen poliziaren instituziotik hasita, bere Wayne abizenaren historial elitista zalantzan jarri arte.

Beraz, konspirazio logika hori abiapuntutzat hartuta, ez da harritzekoa Reevesek neo-noirraren estiloa bereganatu nahi izana; azpijoko politiko konplexuaren garapenean inoiz baino gehiago azpimarratu du superheroiaren detektibe lana, eta istorioari komikien eta zinema klasikoaren estilo zeharo espresiboarekin lagundu dio, Catwomanek irudikatzen duen femme fatalea ahaztu gabe, noski. Noirra berridazteko ahaleginean, ordea, Reevesek ez du generoaren arazorik handiena zuzentzeko asmorik izan, eta orain ia 80 urte idazten ziren istorioetan bezala, filmeko emakumezko pertsonaia bakarra trauma sexualez aztoratutako femme fatale sexualizatu batera mugatu du. Horrez gain, thrillerraren logika errealista superheroiaren generoarekin nahastean, bilbeko arazo konplexuei irtenbide erosoak emateko askatasuna hartu du. Badirudi, hala, justifikatuta gelditzen dela zinema beltzaren intrigak eskatzen duen kontsistentzia jokoz kanpo uztea Batmanen adimen pribilegiatuarekin, Sherlock Holmes bat izango balitz bezala. Super botereena beti da aitzakia ona,  eta batzuetan propaganda instrumentu bezala ere funtziona dezake, bai estatuaren zein subjektibitate anarko-liberalen astakeriak justifikatzeko.