Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020) eta Zela Trovke (Asier Altuna, 2013) filmek emango diote hasiera 2022ko Euskal Zinema Ibiltariari. La Platan hiriko Euskal Etxean egingo dute lehen saioa, eta aurreko urteetan bezala, asmoa Argentinako hainbat euskal etxetan ekoizpen euskal herritarrak ezagutzara ematea izango da.
Gaur bertan ekingo diote Euskal Zinema Ibiltaria proiektuaren edizio berriari, La Platan, eta martxoaren 8an ospatutako Emakumearen nazioarteko Egunaren harira, Gabilondok zuzendutako antzezlan izenkidean oinarritutako Erlauntza filma pantailaratuko dute 18:00etan, Matxin Burdin Liburutegian, Euzko Etxean. Haurtzaroko lagun talde batek landetxe batean igaroko duen asteburua du oinarri filmak, eta Aitziber Garmendiak, Sara Cozarrek, Getari Etxegaraik, Naiara Arnedok, Itziar Atienzak eta Leire Ruizek osatu dute aktoreen zerrenda. Kepa Errastiren gidoia du oinarri, David Bernués eta Xabier Lozano dira argazki-zuzendariak eta Ana Turrillas arduratu da arte zuzendaritzaz.
Erlauntza lanarekin batera, Altunak zuzendutako Zela Trovke film laburra ere emango dute: Moritat hilketei buruzko Europa erdiko herri-kanta zaharrak dira. Horietako bat da Zela Trovke eslovakiarra, eta Holland Baroque Society-k bere Barbaric Beauty kantutegirako berreskuratu du. Maite Larburu aipatutako orkestrako biolin-jotzailearen eskutik jakingo dugu zertaz ari den abestia.
Euskal Zinema Ibiltaria
Euskal jatorriko Carlos Gabilondo argentinarra Zinema gizona ezizenarekin ezaguna da Argentinako euskal etxeetan. Zinemazaletasuna eta euskal sustraiak uztartzeko bide gisa, euskal filmak, laburrak zein luzeak, eskaini ditu azken 11 urteetan Argentinako hainbat euskal etxetan Euskal Zinema Ibiltaria proiektuaren bidez. Pandemia tarteko, filmak online ikusteko aukera eskaini izan dute azken bi urteetan, baina aurrez aurreko formatura bueltatuko dira aurten.
Euskal kulturarekin lotura duten proposamenak, ahal dela, berriak, hautatzen ditu Gabilondok, eta norbanakoei zein euskal etxeei eman die aukera haiek eskaintzeko. Jaialdi ibiltariam parte hartzeko interesa dutenek Euskal Zinema Ibiltariaren Facebookeko orrialdearen bidez jar daitezke harremanetan Gabilondorekin, ala zuzenean mezu bat idatzi jubilondo@gmail.comhelbidera. Ekimenaren inguruko xehetasunak zein Gabilondori berari buruzko informazioa zabaltzeko, Euskal Kulturaren atarian topatuko duzue orain sei urte egin zioten elkarrizketa.