Euskal Herriko Unibertsitateak Bilboko Bizkaia Aretoan prestatu dituen zinema emanaldien hirugarren saioa martxoaren 17an egingo dute. Ara Malikian: Una vida entre las cuerdas (Nata Moreno, 2019) dokumentala 18:00etan emango dute, eta ostean, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatutako solasaldia egongo da.
Ara Malikian biolinjole arrakastatsu eta polifazetikoaren inguruko dokumentala da EHUKulturak Bilbon pantailaratuko duena. Bere bizitzan barrena egindako bidaia, bizipenak, oroitzapenak, musika klasiko eta garaikideari egin dion ekarpenarekin nahasteko modu bat ezagutzeko aukera izango dugu hilaren 17an, 18:00etan. Zahar, gazte eta haur, publiko guztiengana hurbiltzea lortu du musika genero guztiak aurreiritzirik gabe erabiliz —hasi Bachetik eta Led Zeppelinera—, kultura aniztasuna ipar izanik.
Aldi berean, haren historia pertsonal liluragarria kontatuko dugu: musikak bizitza salbatu zion gerratik ihes egin ostean; 14 urterekin utzi zuen Beirut eta, harrezkero, nomada ibili izan da musika munduan zehar eramanez. Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Txina, Errusia, Moroko, Argentina, Uruguai eta Alemanian zehar bidaiatu du Malikianek, bere taldeak lagunduta, mundu osoa ezagutzera eramango duen biran. Hala, bidaiako eguneroko hamaika pasadizoren irudiak jaso ditu Moreno zinemagileak, artistak bere bizitza kontatuko digun bitartean.
Emanaldia Euskal Herriko Unibertsitatea Bilboko Bizkaia Aretoan eskaintzen ari den zinema eskaintzaren baitan programatu dute. Lara Izagirreren Nora (2020) eta Julia Juánizen Kamarada (2020) filmak proiektatu ostean, Ara Malikian: Una vida entre las cuerdas dokumentala emango dute martxoaren 17an Bizkaia Aretoan. Saioa 18:00etan hasiko da, eta ikustaldiaren ostean, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatutako solasaldia egongo da. Sarrera doakoa da, aretoa bete arte.