Marga Gutierrez Diez zinemagile iruñarraren AMA-DAS dokumentala Egiptoko Ismailia Zinema Jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da martxoaren 17tik 23ra bitartean. Aurretik, hilaren 10ean, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan erakutsiko dute, eta sortzaile eta protagonistak bertan izango dira.

AMA-DAS_Marga--zineajpg

Ezgaitasuna duten emakume nafarren (Idoia, Pili, Rosa eta Emma) beldur eta ilusioak izango ditu ardatz Cocemfe Nafarrak sustatutako eta En Buen Sitiok ekoiztutako lanak. Beraien autoestimua lantzeko tailerretan ari dira parte hartzen, izan ere, genero indarkeriaren biktima izan dira, horrek lotzen ditu, eta badute elkarri egingo dioten galdera bat ere: sentituko al dira noizbait maitatuak?

Cocemfe Nafarra ezgaitasuna duten pertsonen elkarteen federazioa da, eta berriki egindako ikerketa baten ondorio da AMA-DAS filma. Argitaratutako txostenean ebatzi dute lana bilatzeko tailerretan parte hartutako emakumeen %50 genero indarkeria jasan edo jasaten ari direla. Bada, atzo bertan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan, Cocemfe Nafarrak Nafarroako Gobernuak emandako Berdinna Saria jaso berri du “ezgaitasunaren alorrean berdintasunaren alde egindako lanagatik”.

Marga Gutierrez Diazek zuzendu du AMA-DAS, eta Lucia Benito izan da ekoizle eragilea, Jokin Pascual argazki-zuzendaria, Paula Olazek sortu du musika eta Andres Salaberrik egin du muntaketa. Emaitza bihar bertan ezagutzeko aukera izango dute iruñarrek Golem Baiona aretoan, izan ere, dokumentalaren aurrestreinaldia egingo dute bertan, 19:30ean. Ostean, mundu arabiarreko zinema jaialdi zaharrenetarikoa den Ismailia festibaleko 23. edizioan lehiatuko da, Egipton. Martxoaren 17tik 23ra bitartean erakutsiko dute.

Zinemagileak aitortu duenez, “errespetutik eta lasaitasunetik egin nahi izan dugu protagonistenganako hurbilketa”. Esateko dutena entzun, eta beren esperientziak ikustaraztea izan du helburu, horregatik, kamera “ikusten ez den toki horretan” jarri nahi izan du, “filtrorik gabe, indarkeriaren istorioek ezkutatzen dituzten detaileak uler ditzagun, oharkabean igaro ez daitezen”.