Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren baitan 15 euskal ekoizpen erakutsiko dituzte martxoaren 8tik 20ra bitartean. Festibaleko sail ofizialetan lehiatuko diren lanez gain, Etxepare Euskal Institutuaren babespean, Fenêtre Basque atalean Eukal Herrian ekoiztutako film luze eta labur onenak ezagutzeko aukera egongo da, tartean, Kimuak bildumako lanak edota Hondar ahoak telesaila.

Nantes-Fenetre Basque-zinea

1990ean jaio zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes zinema jaialdia, eta erreferentzia bihurtzea lortu du Europan. Euskal ekoizpenak zabaltzen dituzte bertan urtero, eta 27.000 ikusletik gora biltzen ditu. 2020ko edizioa bertan behera uztera behartu zuen Covid19aren pandemiak, eta ekitaldi hibridoa egitea erabaki zuten iaz. Aurten, 31. edizioa ospatuko dute martxoaren 8tik 20ra bitartean, aurrez aurre. Espainiar lurraldeko eta Euskal Herriko 60 ekoizpen ikusteko aukera egongo da, eta 40 gonbidatu inguruk hartuko dute parte. Katorza, Les Cinématographe eta Theatre Graslin antzokietan egingo dituzte emanaldiak.

Bost sail izango ditu aurtengo ekitaldiak, eta hainbat euskal ekoizpen egongo dira horietan ikusgai. Sail ofizialean, Iciar Bollainenek zuzendutako Maixabel filma lehiatuko da. Hiru Goya sari lortzetik dator Koldo Zuazuak (Kowalski Films) ekoiztutako lana -emakumezko aktore berri onena (Maria Cerezuela), taldeko gizonezko aktore onena (Urko Olazabal) eta emakumezko aktore onenarena (Blanca Portillo)-, eta Les repentis izenpean izango du Frantzian estreinaldia. Bollainek, gainera, klase magistral eskainiko du, 2010ean zuzendutako También la lluvia filma aurkeztearekin batera.

Zinemagileen aurreneko lanak erakutsiko dituzten atalean, aldiz, Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak ekoiztutako Espiritu sagradok (Chema García Ibarra, 2021) parte hartuko du, eta dokumental onenaren saria eskuratzeko aukerak izango ditu berak propio -Marc Sempererekin batera- zuzendu duen Canto cósmico. Niño de Elche lanak. Film laburrei eskainitako sailean, Veneziako Mostran, lehenik, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakaleran, gero, lehiatu den Heltzear (Mikel Gurrea) egongo da ikusgai; baita David Perez Sañudoren Au pair ere. Uniko ekoiztetxe bilbotarraren parte hartzea duen Loop (Pablo Polledri) animaziozko lana ere lehiatuko da film laburren sailean.

Euskal leihoa

Lehiaketa ofizialaz gain, Nantesko zinema jaialdiak urteak daramatza Euskal Herriko zinemagintzari leiho berezi bat eskaintzen. 2001ean sortu zuten Fenêtre Basque atala, eta ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, urteko film luze eta labur onenak zabaldu dituzte Europan zehar. 2022ko edizioak, aipatutako Maixabel, Espiritu sagrado eta Canto cósmico. Niño de Elche lanez gain, Igor Legarretaren Ilargi guztiak film fantastikoa, Maider Oleagaren Kuartk Valley dokumentala, eta Koldo Almandozek sortutako Hondar ahoak telesailaren pase bereziak jasoko ditu.

Film laburrei dagokienez, Kimuak 2021 aukeraketan hautatutako ekoizpen guztiak emango dituzte: Gurreraren Heltzear, Azaletik azalera (Mel Arranz), Berak baleki (Aitor Gametxo), Inner Outer Space (Laida Lertxundi), Resonancias (Iñigo Aranburu), Trumoiak (Iker Maguregi), Ur azpian lore (Aitor Oñederra) eta Zerua blu (Lur Olaizola).

Bestalde, Kristina Zorita kazetaria eta Michel Gaztambide gidoilaria epaimahaikide izango dira, eta Julio Verne saria ebazteko eskumena izango dute.

Ezagutu egitaraua, hemen.