Bilbao Bizkaia Film Commissionek jakinarazi duenez, 2021ean 161 filmaketa egin ziren lurraldean, elkartea sortu zenetik izandako datu onena. Gainera, 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa zenbatu dute, pandemia aurrekoarekin alderatuta, % 6,4 igo da. Euskaraz errodatutako lanak gutxiengoa izan dira.
Urtero legez, Bilbon eta Bizkaian ikus-entzunezko jardunak izan duen nondik-norakoa argitaratu du Bilbao Bizkaia Film Commissionek. Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak aurkeztu dituzte 2021eko emaitzak: jardueraren balantzea “oso positibotzat” jo eta ikus-entzunezko sektorerako erreferentziazko solaskide gisa finkatu dela nabarmendu dute, “eragile publiko eta pribatuekin bitartekari gisa jardunez eta Bilbo-Bizkaian filmaketa industria berri bat sortzea ahalbidetuz”.
Pandemiak eragindako murrizketak pairatu behar izan badituzte ere, 161 ekoizpenek aukeratu dute Bilbo eta Bizkaia film luzeak, telesailak, publizitate-iragarkiak, dokumentalak edo bideoklipak filmatzeko. 2015ean film commission egitasmoa sortu zenetik izandako daturik altuena da- Guztira, 232 ekoizpen artatu eta 598 filmaketa-egun izan dituzte.
2021ean egindako filmaketek 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa izan dute. Hau da, % 6,4ko igoera 2018ko datuekin alderatuta. Gainera, hiribilduan eta lurraldean egindako filmaketekin loturik egon diren 1.186 kontratu sinatu dituzte: “Zifra horiek indartu egiten dute Bilbao Bizkaiaren posizionamendua eta ospea, ikus-entzunezko ekoiztetxeen erreferentziazko eszenatoki gisa”.
Euskara ahanzturan
Nazioarteko ikus-entzunezko plataforma handiek -Netflix eta Amazon Prime, kasu- interesa agertu dutela azpimarratu badute ere, gutxiengoa izan dira euskaraz errodatutako ekoizpenak. 48 publizitate-iragarki, 35 film labur, 21 bideoklip, 20 telebista-programa, 9 film luze, 16 dokumental, 4 telesail, edota websail bat lerrokatu ditu Bilbao Bizkaia Film Commissionek, baina Paul Urquijo Alijok zuzendutako Irati, Mikel Ruedaren Ama, Aitzol Saratxagaren Lanbroa eta Iker Maguregiren Trumoiak dira argitaratutako zerrendan irakur daitezkeen euskara hutsezko zinema-ekoizpenak.
Bestalde, Xiaomi, Louis Vuitton, Land Rover, New Balance, Audi edo Volkswagen bezalako nazioartean ospea duten markek Bilbo eta Bizkaia izan dute agertoki, eta Fito y Fitipaldis taldearen azken edota La Oreja de Van Gogh-en bideoklipak ere hartu dituzte.
Informazio osagarria, hemen.