Kamera atzetik duela, hor doa bere Vespan. Errepide amaigabe batean, hondartza ezkerrean duela, hirigunetik ihesi. Arimarik ez da ageri paisaia itsusi horretan. Noizbehinka autoren bat, gizonen bat, ez beste inor. Isiltasuna da nagusi, baina Keith Jarret musikariak pianoz interpretatutako The Köln Concert jazz pieza du lagun. Bat-batean, biribilgune bat. Hasi du itzulerako bidaia, orain, ezkutatuta dagoela dirudien hondar-eremu zabala bestaldean du. Aurrera doa motoan, kamerak ezin du segi, hala ere, laster harrapatuko du. Gelditu egin da, zerbait bistaratu du: futbol zelai inprobisatu bat belargune abandonatu batean? Bai, baina uxo zuri baten itxura duen eskulturatxo hautsi eta ahaztu bat ere.

Egun argiz egin zuen Nanni Morettik Ostiako l’Idroscalora bidaia, Pier Paolo Pasolini hil zuten toki hartara. Inoiz bertan egon gabea zen, eta Caro Diaro (1993) bere maisulana errodatu bitartean erabaki zuen behingoz Tiber ibaia itsaso Adriatiko bilakatzen den gunea bisitatzea. 1975eko azaroaren 1etik 2ra bitarteko gauean erail zuten P.P.P., eta oraindik ere argitu gabe dago gertakaria. Interpretazio bana proposatu dute Abel Ferrarak eta David Friecok Pasolini (2014) eta La macchinazione (2016) filmetan; Pino Pelosi chapero-a errudun bakarra ez dela defendatzen dute biek.

Askotariko omenaldiak eta keinuak egin dizkiote azken urte hauetan 2022an 100 urte beteko lituzkeen artista italiarrari: l’Idroscalo komunitateko bizilagunek inpotentziari eusteko bizi duten borroka erretratatzen duen Punta Sacra (Francesa Mazzoleni, 2020), Ayreen Anastas zinemagile palestinarrak planteatutako Pasolini Pa* Palestine  (2005) elkarrizketa dialektiko eta metazinematografikoak, edota “Il vuoto del potere» ovvero «l’articolo delle lucciole” artikuluan oinarritutako Maria Elorzaren Ancora Lucciole (2018), besteak beste. Baina esanda gera dadila, Morettiren poema bisuala gaindiezina da!

Badira urteak Pasolini joan zitzaigula, eta jaiotzaren mendeurrena aitzakia paregabea da bere sorkuntza poliedrikoa errepasatzeko, bere ahotsak oraindik ere gure artean dirau-eta. Eskandalizatzea eskubide bat dela defendatu zuen bizi zen artean, eta horri uko egiten diotenak moralistak direla salatu zuen. Beharbada eskandalizatzaile izateagatik izan zuen mundu guztia kontra. Edonorekin polemikan sartzeko gaitasun eta dohainak izan zituen, are gehiago, harrotu egiten zen: marxista militantea bazen ere, Italiako alderdi komunistatik kanporatu zuten sexu-eskandaluak medio; burgesiaren aurka gogor lerratu zen, eta polizia ere noizbait defendatu zuen, benetako langileria-klasea beraiek osatzen zutela idatziz, “pobreen seme-alabak” direla argituz. Lotsarik gabe, esan beharrekoak esatera ausartu zen, eta hori, noski, deserosoa zen, baita murgilduta zegoen esfera intelektualean ere.

1922ko martxoaren 5 batez sortu zen Pier Paolo, Bolonian. Bigarren Mundu Gerrak bete-betean harrapatu zuen gaztetan, eta militarra zuen aitari jarraituz Italia iparraldean batetik bestera aritu zen, Cararsan egonkortu zen arte, amaren jaioterrian. 20 urte besterik ez zituela idatzi zuen bere lehenengo poesia liburua, Poesie a Casarsa (1942) -non friulianoa poesiarako hizkuntza absolutua zela defendatu zuen-, baina Le ceneri di Gramsci (1957) izendatu zuten adituek bere idatzizko lan gorena. Laster alde egin zuen Erromara. Gerraoste latzak minduta, Raggazzi di Vita (1955)  eta Una vita violenta (1959) fikziozko eleberriak argitaratu zituen, baita hainbat ipuin eta hiriko bizitzari buruzko kronikak ere -gerora Storie della città di Dio. Racconti e cronache romane liburuan bildutakoak-. Garai hartako gizarte eta egoera sozialari egindako kritika zorrotzak dira, eta Erromari eskaini zion film-trilogian bezala –Accattone (1961), Mamma Roma (1962) eta Uccellacci e uccellini (1966)-, hiriko periferietan kokatu zituen bere pertsonaiak: proxeneta bat, ama kuraia izan zitekeen prostituta bat eta bele bat lagun duten aita-seme bikote bat. Zenbait urte lehenago zinema egiteko modua aldatu zuen errealismo berriko filmei keinu eginez, turistek inoiz bisitatuko ez luketen Erroma erakusten tematu zen. Bere hitzetan, “Italiako hiri ederrena, baina aldi berean itsusiena, dramatikoena eta miserableena”.

Gerora etorri ziren Vatikanoak modu inkontzientean goraipatutako Il Vangelo secondo Matteo (1964) -Elizak laster bota zituen bere hitzak atzera, Jesukristo marxista erakusten omen baitzuen Pasolinik filmean-; Totò komediante maitatuaren parte hartzea zuen Uccellacci e uccellini (1966) fabula soziala, berak idatzitako izen bereko liburuaren egokitzapena den Teorema (1968), Porcile (1969); mitologia oinarri duen diptikoa –Edipo Re (1967) eta Medea (1969)-; giza gorputzaren exhibizionismoa aldarrikatzen duen bizitzari dedikatutako trilogia –Il Decameron (1971), I racconti di Canterbury (1972) eta Il fiore delle Mille e una notte (1974)-; eta Salò o le 120 giornate di Sodoma (1975): artista italiarraren testamentu filmikoa, zentzuratua izan zen obra gogorra, faxismoa eta burgesia zuzenean, filtrorik gabe, kritikatuko duena.

Salo-zinea

Italiako azken kronista

Pasolinik baditu beste harribitxi batzuk, ez horren ezagunak, baina ahozabalik utziko zaituztetenak. Zinemagile bilakatu aurretik, kazetari ere izan zen. Ez ditut bere artikulu guztiak aipatuko, zerrenda amaigabea baita, baina bai gerora liburu bilakatu zen La lunga strada di sabbia bilduma, Italiako kostaldea autoz zeharkatzea helburu izan zuen bidaiatik eratorritako erreportajea, Successo aldizkarian aleka argitaratu zuena. 1959an, Fiat 1100 bat hartu eta ekainetik abuztura bitartean gauzatu zuen bidaia, herriz herri, hondartzaz hondartza, iparraldetik hegoaldera, eta buelta. Kontsumismoak eztanda egin zuen Italia deskribatu zuen idatziz (eta berarekin bidaiatu zuen Paolo di Paolo argazkilariak, irudiz). Besteak beste, Crotone herriaz zera idatzi zuen, “bidelapurren herria” zela, “westerns batzuetan agertzen den bezalakoa”. Eta noski, ez zituen aurrerantzean crotonetarrak lagun izan.

Testu idatzitik ikus-entzunezkoen lengoaiara salte gon zuenean, italiarrek sexualitatearen inguruan duten pentsamendu eta aurreiritziak ezagutzeko asmoz, kamera eta mikrofonoa hartu, eta Comizi d’amore (1964) film-saiakera sortu nahian inkesta “antropologikoak” gauzatu zituen herrialde osoan zehar. Etxeko-andreak, patriarkak, burgesak zein herri txiroenetakoak, gazteak, helduak… klase sozial eta lurralde guztietako jendea elkarrizketatu zuen, inoiz inork berriz egin ez duen gisan. Pietro Marcellok, Francesco Munzik eta Alice Rohrwacherrek errodatutako Futura (2021) zein Jonas Truebaren Quién lo impide (2021) ez-fikziozko lanak izan daitezke Pasoliniren esperimentu horren oinordeko, agian.

Bestalde, 1962an herrialdeko telebista (RAI) gerra zer den galderari erantzuna emateko zinemagile bila jardun zen, eta hara non, garaiko sortzaile erradikalenari luzatu zion proposamena. 1945az geroztiko informatibo, egunkari eta material bisuala erraztu zioten, ordubeteko pieza aurkez zezan. Emaitza, aurreikus zitekeen moduan, ez zen inoren gustukoa izan: La rabbia (1963). Amorrua.

Ekoizleek beldur izugarria pasa zuten Pasoliniren tesiarekin, mezu ezkorra defendatzen baitzuen. Faxismoaren porrotaren ondoren 1945ean loratu eta zabaldu ziren antzinako itxaropenen traizioa erakutsi zuen artistak: Kuba eta AEBen arteko misilen gerra ageri da, Hungariaren inbasioa Sobietar Batasunaren aldetik, Algeriako Independentzia Guda… Azken baitan, zera ulertarazi nahi digu, “gerra klaseen arteko borrokak definitzen” duela. Filma konpentsatzeko asmoz, zer eta, eskuindar ideologia zuen beste zuzendari erreakzionario bat bilatzea otu zitzaion Gastone Ferranti ekoizleari. Giovanni Guareschi kontratau zuen piezari bigarren ikuspegi bat gehi ziezaion.

Bi zatiak batuta, pelikula horrela aurkeztu zuten: “Bi ideologia, bi tendentzia kontrajarriko doktrinak galdera dramatiko bati erantzuna eman nahian. Zergatik da nagusi gure bizitzan atsekabea, larritasuna, gerraren beldurra?”. Azkenerako, ez zuten La rabbia RAI telebistan eman. Ez lehenengo zatia, ez bigarrena, ezta biak elkartuta ere. Ez ziren ausartu, baina zorionez, sarean eskuragarri dago, modu publikoan, hemen. Ikus ezazue, ez zarete damutuko.

Pasolini comizi di amore-zinea