Zuzendaria: Xabier Giannoli
Urtea: 2021
Herrialdea: Frantzia

Lucien, Benjamin Voisin, poeta gaztea da, Anguleman bizi dena, landazabalean, XIX. mendean, mende hasieran. Bonaparteko Napoleon enperadorearen aroa amaitu eta aristokrazia eta monarkia itzuli dira, berrezarkuntza da, garai berri eta nahasia.

Xabier Giannoli zuzendariak sekulako lana hartu du lepoan, Honore de Balzac, idazle frantses eta eleberri modernoaren aita denaren liburu ezagunenaren egokitzapena bera, alajaina! Comedie humaine izeneko kosmosean biltzen dena, giza komedia osatzen duten eleberrien labirintoan.

Zuzendaria tresna, baliabide eta erreferentziaz jantziko da zintak eleberriari ohore egin diezaion. Argiztapen, kamera mugimendu eta planoak zainduz. Girotze, janzkera eta testuinguru historikoez lurrindu, atondu, luxuz jantzia bezala, gutiziagarria den soinekoaz, ostruka lumaz edertua. Pauma luma tintaroi-itxurakoez filmatuko du, eskuz transkribatutako itzulpengintza ariketan.

Itxaropen galduaz ariko zaigu istorioa, protagonistaren bilakaeraz, Lucien, Ibiltaria laino-itsasoan dirudi, Caspar David Friedrich margolariak irudikatutako mihisean bezala. Erromantikoa, eta galdua, Lucien, eraldaketan dagoen eta ulertzen ez duen mundu zalapartatsuan.

Protagonistak, Angulema utziko du, Louise de Bargeton aristokrata –Cécile de France– ezagutu ostean, harekin eta harekiko maitasunak bultzatuta Parisera egingo du ihes. Parisen, landazabalean ezezaguna den munduaren berri izango du, baina, murgiltzea bat batekoa izango bada ere, lanak izango ditu jabetzen Paris harea mugikorra bezalakoa dela; zenbat eta gehiago murgildu, orduan eta zailagoa izango dela topatuko duen errealitateaz askatzea.

Zuzendariak kastina interesgarria bilduko du pertsonaia labirintikoak eta garai tenkatua irudikatzeko, aipatutako Voisin eta De France-z gain, Xabier Dolan, Gerard de Pardie, Vincent Lacoste eta Jeanne Balibar aktoreek; korridore, jauregi, oholtza eta kale estuetatik eramango gaituzte, zalgurdiak saihesteko boulevard lokaztuetan.

Itxaropenak, irrikak eta ametsak bidean geratuko dira, arropa zaharrak abandonatzen dituenak bezala. Laborariaren atorra kendu eta muselina eta belusezko arropak jantzi, eguzkiak belztutako azala ezkutatzeko asmoz. Lucianek egunkarian kritika zutabeak idazteari ekingo dio poesia alde batera utziz. Aristokrazia gutiziatzen duen gazte inozo eta handinahiak, burgesiarekin lerrotuko da boterea eta ospeaz mozkortzeko. Luxuak, gutiziak, apetak emango dira, ilaran, bertutearen izenean eraginez, irrikak, zetazko zapi distiratsua bailitzan.

Bitartean, lekuko izango gara, besaulkitik, protagonistaren hankasartze guztiak pairatuz, noraez eta koherentzia faltaz, zorren faktura amaigabeez eta onespenaren obsesio neurgaitzaz.

Formanen Amadeus dakar gogora tarteka, diruaren zarrastelkeria eta axolagabekeri apetatsua irudikatzen dituenean, Mozarten eskuetan. Socrseseren, The Wolf of Wall Street ere sumatu daiteke, erredakzioan azpijokoen jaialdian, ahateak, tximinoak eta usoak agertzen direnean, kazetaritzaren formula liberala, enpresarien eskuetan azaltzen zaigunean. Publizitatearen botereaz ari zaigunean, alderdikeriaz, interes politiko eta ekonomikoez. Bertan, Vincent Lacoste maisuki nabarmentzen da, ederki asko, distira eginez paper ezin hobean.

Edo Neil Jordanen Interview with the vampire, aristokrzia banpirikoaz ari zaigunean, ondasun, inozentzia eta besteren itxaropenez elikatzen denean, plutokrazia zaharkitu eta putrean.

Zuzendariak plano ederrak eskainiko dizkigu eta esaldi aukeratuak gorde eta pantailaratu. Une zehatzean askatzeko, geure begi nini edo tinpanoak jo bezain laster, eztanda egiteko diseinatutako harribitxiak.

Presta zaitezte dantzaldirako, vernissagerako, saioaren estreinaldirako, emanaldia hastera doa, festa-jantzi dotoreenak hautatu, eta ez galdu inolaz ere manerak, damutuko zaizue bestela.