Bilboko Zinegoak – LGTBI+ Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiarekin elkarlanean, euskal film labur berrienen lagina izango da ikusgai Lekeition, martxoaren 4an, 19:00etan, Ikusgarri Aretoan. Proiekzioaz gain, Bilbotik zuzeneko konexioa egingo dute filmen egileekin solasteko.

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria izango da 2022. urteko Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiko programazioaren ardatza. Hamasei film izango dira ikusgai Sail Ofizialean, otsailaren 28tik martxoaren 7ra bitartean. Ohiko ereduari jarraika hiru kategoriatan banatuko dira emanaldi hauek: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak).

Baina atal nagusitik harago, izango da ere zerekin goza. Zinegoaken programazioa askotarikoa izango dela iragarri dute antolatzaileek, eta sail paraleloen bidez ere hamaika gai jorratzeko aukera izango dela. Horietako bat da Erroak. Film laburren ziklo honek Euskal Herrian sortutako film laburrak bilduko ditu, eta Lekeition ere proiektatuko dira, bigarren urtez jaialdiaren egoitza ofiziala izango baita Ikusgarri aretoa. Proiekzioaz gain, Bilbotik zuzeneko konexioa eginez, filmeen egileekin solasteko aukera izango da. Horien artean, Berak baleki (2021) film laburraren zuzendaria den Aitor Gametxo lekeitiar zinegilearekin egongo gara.

Bada, ostegunean, martxoaren 4an, 19:00etatik aurrera egingo dute saioa, eta ondorengo lanak izango dira ikusgai:

  • BERAK BALEKI (Aitor Gametxo, 2021)

Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du.

  • AZALETIK AZALERA (Mel Arranz, 2021)

Lerro eta formen artean, eskuek elkar ukitu, ezagutu eta esperimentatzen dute, azalen arteko mugak hautsi nahian.

  • ILUNABARREAN ESAN (Xabier Vallina, 2021)

Bizitza sexualak inguratuko ditu Urkoren bizi sozial eta politikoa, eta egoera horrek eragina izango du haren harreman eta erabakietan, inguruko guztia zalantzan ipintzeraino.

  • NO DEBERÍAS (Maider Garcia Merino, 2021)

Neska-lagunarekin lehen urteurrena ospatu aurreko egunetan, espero ez zuen albiste bat ekarriko dio haurdunaldi-testak Iratxeri.

  • TXANGO (Tamara Lucarini Cortés, 2022)

Bi lagun gaztek beste bi neskari lagunduko diete mendi batera lehenbizikoz igotzen, eta horrek haien arteko laguntasun-harremanak estutuko ditu.