Pour Don Carlos proiektuaren baitan antolatutako jarduera osagarri gisa, Xabier Erkizia ikerlari, ekoizle eta soinuaren lanketan aditu lesakarrak solasaldia eskainiko du gaur, Zumalakarregi Museoan. Zinema ez zen sekula mutua izan izenburupean, karlistaldia gaitzat zuen lehen filma izango du Erkiziak hizketagai.
Madrilen estreinatu zuten Pour Don Carlos film mutua, 1921eko abenduaren 16an, La capitana Alegria izenez. Sortzaileek Oiartzun, Irun eta Hondarribi aldean hartu zituzten irudiak, eta Euskal Herrian ekoiztutako lehen film komertzialtzat dute. Frantziar izar bilakatu zen Musidora aktoreak zuzendu zuen Jacques Lasseynerekin batera, baita antzeztu ere. Filma galdutzat emana zen baina Toulouseko zinematekak kopia bat aurkitu eta zaharberritu egin zuen iaz. Hala, 2021eko abenduaren 16an, mendeurrena ospatzeko asmoz, Ormaiztegin berrestreinatu zuten.
Bada, “zinema eta soinuaren inguruan hausnarketa bat egitea interesgarria litzatekeela” iritziz, Zumalakarregi Museoak jarduera bereziak antolatu ditu filmaren inguruan. Gaur bertan, Erkizia soinu artistak Ormaiztegin egingo du gaur agerraldia. Museoarekin aspaldiko harremana du lesakarrak, eta Berlingo zinema jaialdian saritua izan eta Madrilen 0 gemer lan esperimentala aurkeztu berritan, Zinema ez zen sekula mutua izan izenburupean, Guda Karlistari buruz inoiz filmatu den lehen pelikula izango du hizketagai. Saioa 18:30ean hasiko da; bertaratzea doan da.
Erkiziak Zumalakarregi Museoaren gonbidapena jaso ostean zera adierazi du: “Zinemaren Historia, hizki larriz, begizkoa da nagusiki. Nolabait, zinemari, hainbat mendetan zehar margolaritzak bizkar gainean izan zuen irudiarekiko ardura oinordetzan hartu zuela onartzen diogunean, ikus-entzunezko medio bati buruz ari garela ahanzteko joera izan ohi dugu. Baina nahi izanik ere, ikus-entzunezkoan hezi garenok nekez uler dezakegu mutua den zinemarik. Gehienez ere, isilak diren filmak beha ditzakegu eta ondorioz, zinema soilik begiradaren afera dela ulertzearekin nahikoa eta aski izan ohi dugu. Egia ordea, bertzelakoa da, ze, egiazki sekula ez da zinema muturik izan. Proiekzio orok egiten du soinu eta ikusle orok entzuten du, filmak soinu banda izan edo ez. Beharbada, zinema gorraren historia berrikusteko garaia iritsi da.”
Informazio gehiago, hemen.