Bidaiarien Txokoa egitasmoaren baitan, 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiko lan sarituak emango dituzte Santutxuko eta Begoñako udaltegietan (Bilbo). Martxoaren 1etik 11ra bitartean egingo dituzte emanaldiak, eta sarrera doan da.

Mendi Tour Santutxun-zinea

Hitzaldiz eta ikus-entzunezko emanaldi eta solasaldiz beteta dator aurten Bilboko Bidaiarien Txokoa programa. Gaur bertan ekingo diote prestatutako egitarauari, eta hilaren 11ra bitartean, luzatuko dira jarduerak. Abentura eta periplo ezberdinetako protagonistak, bidaiaren inguruko erakusketak, haurrentzako ipuin kontalariak… denetarik izango du Begoñako eta Santutxuko udaltegietan gauzatuko den egitasmoak.

Tartean, 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdian lehiatu diren filmak emango dituzte 2022ko Mendi Tourrarekin bat eginez, baina baita zirkuitu ibiltaritik kanpoko hainbat proiekzio berezi ere. Lanak jatorrizko bertsioan pantailaratuko dituzte, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Saioak 19:00etan izango dira eta bertaratu nahi dutenek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.

Jarraian ikusgai egongo diren dokumentalak:

  • Martxoaren 1ean, Begoñako udaltegian:
    • Le Cavalier Mongol (Hamid Sardar) – Zuzendari eta soinu banda onena
  • Martxoaren 2an, Santutxuko udaltegian:
    • Melting Landscapes (Pepe Molina Cruz) – Film labur onena Mendi Filmen
    • Amagana (Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peral) – Euskarazko film onena Mendi Filmen
    • Black Ice (Zachary Barr eta Peter Mortimer) – Eskaladako film onena Mendi Filmen
  • Martxoaren 3an, Santutxuko udaltegian:
    • Granito Buffet – Vagabundos pirenáicos (Iñigo Iruretagoiena) – Hitzaldia eta filmaren emanaldia
  • Martxoaren 4an, Begoñako udaltegian:
    • Action Directe (Zachary Barr eta Josh Lowell)
    • Jötunn (Aniol Serrasolses) – Sail ofizialean lehiatu da Mendi Filmen
    • Txango -Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021
  • Martxoaren 10ean, Begoñako udaltegian:
    • La montaña desnuda (Alex Txikon) – Hitzaldia eta filmaren emanaldia

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, nahitaezkoa da osasun agintariek onartutako eta indarrean dauden babes- eta higiene-neurriak betetzea. Baita ere maskara erabiltzea ikuskizun osoan.

Informazio gehiago, hemen.