Maider Oleaga zinemagile bilbotarraren Kuartk Valley (2021) dokumentala Donostian eta Madrilen estreinatuko dute martxoaren 4an. Lanak emanaldi bana izango du egunero, Trueba aretoan; Cinetecan, aldiz, Kinka (2021) film laburrarekin batera pantailaratuko dute hilaren 6ra bitartean.

Kuartk Valley-estreinaldia-zinea

2005eko amaiera, Kuartangon, Arabako haran urrun batean bi gizonek amets zahar bat mamitzeko konpromisoa hartu dute: western bat filmatzea. Ez dute ez dirurik ez talde teknikorik, baina bertako biztanleak filmeko pertsonaiak gorpuzteko konbentzituko dituzte. Algo más que morir (Oier Martínez de Santos eta José Luis Murga), lehen euskal westerna, Almería Western Film Festival jaialdian estreinatu zen 2014an, eta bi sari nagusi irabazi zituen. Orain, Kuartk Valley filmak argitara emango du abentura kolektibo hori, eta kondaira finkatuta geratuko da.

69. Donostia Zinemaldian parte hartu zuen Oleagaren film luzeak, beste hamasei lanekin batera Zinemira sailean, eta epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen. Gainera, Euskal Gidoigileen Elkarteak Euskal Gidoi Onena izendatu zuen, testuaren “originaltasuna” azpimarratuz.

Bada, asteburuan, Hego Euskal Herriko eta Espainiako lurraldeko zinema aretoetara iritsiko da zinemagile bilbotarraren filma. Hain zuzen ere, Donostian eta Madrilen estreinatuko dute Kubelik Films eta Pantalla Partidak ekoiztutako dokumentala. Martxoaren 4az geroztik egunero egongo da Trueba aretoan ikusgai, eta emanaldi bereziak izango ditu espainiar hiriburuko Cinetecan:

Hilaren 4an bertan, zinemagilearen Kinka film laburrarekin batera emango dute Kuartk Valley lana, 20:30ean. ITXITIK: 7 begirada, 7 erretratu, konfinamendu bakarra deialdian hautatu zuten, eta ZINEBI jaialdiko 63. edizioko sail ofizialean lehiatu zen. Martxoaren 5ean eta 6an elkarrekin programatuko dituzte bi lanak berriz ere, 20:00etan. Hilaren 5ean, gainera,  Algo más que morir, lehen euskal westerna ere emango dute aurretik, 18:30ean, Cinetecan bertan.

Irakurri Txomin Lasa ZINEAko kritikariak Kuartk Valley filmari buruz idatzitako iruzkina, hemen.