Gernikako Lekuek musika festibalaren baitan, zineklub saio bana izango da martxoaren 17an eta 18an herrian. Summer of Soul (…Or, When the Revolution Could Not Be Televised) (Ahmir “Questlove” Thompson) eta Crock of Gold (Julien Temple, 2020) filmak pantailaratuko dituzte Lizeo Antzokian.
Martxoa iristearekin batera hasi ohi dira Gernika-Lumoko herritarrak ahotsak berotzen. Hemen da, aurten ere, Lekuek jaialdia, musika oinarri duena, eta erakusketak, hitzaldiak, zinema proiekzioak eta topaketak ere barneratzen dituena. Hilaren 12tik 19ra ospatuko dute bederatzigarrenez ekimena, eta aurreko edizioetan bezala, herriko bilgune ezberdinen ekarpena izango du.
Jaialdi ireki eta parte hartzailea da Gernikako Lekuek festibala, musika eta musikazaleen bultzadari esker jaio eta iraun duena. Astra eta Iparragirre Rock Elkartea jaialdiaren ardatz nagusiak, eta antolatzaileek Busturialdeko Hitza egunkariari aitortu bezala, “Gernika-Lumoko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea izan da beti jaialdiaren helburua”. 2022an ere asmo berarekin ekingo diote hilaren 12an.
Ikus-entzunezkoek tartetxoa izango dute ohiko legez, bederatziagrren edizio honetan. Gernikako Zineklubak bi filmen proiekzioa antolatu du ekimenaren baitan, musikazaleen arimak nostalgiaz berpizteko dokumental bana eskainiko dute martxoaren 17an eta 18an, Lizeo Antzokian.
Ahmir “Questlove” Thompsonek zuzendutako, eta besteak beste, Oscar sarien galan dokumental onenaren saria eskuratzeko hautagaia den Summer of Soul (…Or, When the Revolution Could Not Be Televised) pantailaratuko dute hilaren 17an, osteguna, 19:00etan. 1969an New Yorken ospatu zuten Harlemeko Kultur Jaialdiari buruzko lana da, arrazakeria salatzeko antolatutako eta The Black Panther Party erakundeko kideek babestutako kontzertu-festa. 50 urtez ezkutuan izan dira irudiak, eta orain, argia ikusi dute.
Hilaren 18an, ostirala, bestalde, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan filma emango dute. Musika-taldearen eta MacGowanen familiaren beraren artxiboko irudi argitaragabeak erabilita, Shane MacGowan –The Pogueseko abeslari eta konpositore nagusia– punk/poeta irlandarraren ospakizuna da proposatuko du lanak. Ralph Steadman bezalako ilustratzaileen animazioek ditu ere.
Jaialdiko bonoez gain, kontzertuetarako eta dokumentalen emanaldietarako sarrera solteak eskuragarri jarri dituzte dagoenerako, hemen.