Surfaren inguruko ikus-entzunezko sorkuntzak ikusteko aukera egon da otsailaren 23tik otsailaren 27ra, Bilboko Itsasmuseumean. Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival egitasmoaren helburua surfaren unibertsoa sustatzea izanik, 21 dokumental lehiatu dira sail ofizialean, eta The Curious Tales of Italo Ferreira (Luisa de Moraes) izan da garailea.
TAUI MEDIA SL-k antolatutako jaialdi “dibertigarri eta hezitzailea” da Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival, surfa oinarri duena. Getxon, Muxikebarri zentroan egin zuten inaugurazio gala hilaren 23an, eta sail ofizialeko lehen film sorta proiektatu zuten bertan. Euskal Herriko surf munduko mitoen lanak ikusteko aukera egon zen, mundu mailako estreinaldiak. Egun berean, ikus-entzunezko euskal industriako hainbat profesionalekin (Kepa Acero, Arrate Arana, Alex Garcia eta Itziar Garcia, besteak beste) mahai-ingurua izan zuten.
Gainerako emanaldi guztiak, ordea, Bilboko Itsasmuseumean egin dituzte. Guztira 21 lan lehiatu dira festibalean, abentura eta bidaiak, natura eta ingurumen-kontzientziazioa, emakumeen balioa eta lortutako aurrerapausoak izan dituztenak gai, baina lehiaz kanpoko beste 10 lan ere erakutsi dituzte. Pelikulen emanaldiez gain, hitzaldiak, musika kontzertuak eta jarduera ezberdinak garatuko dituzte.
Itsaso Frau ekoizlea, Germán Pinelo errealizatzailea eta Itziar García produktorea izan dira epaimahai ofiziala osatu duten kideak, eta Italo Ferreira surflari brasildarraren hastapenak kontatuko dituen lan-dokumentala goraipatzea erabaki dute: The Curious Tales of Italo Ferreira izan da jaialdiko sari nagusia irabazi duen ekoizpena. Epaimahaiaren sari berezia, aldiz, Jon Aspuruk zuzendutako Natxo Gonzalez: reels 2021/2022 lanak irabazi du.
Film labur onena, Primitive izan da. Benoit Lalande zinemagilearen pelikulak Gisele Bruhwiler kirolariak eta Kalum bilobak ozeanoarekiko eta garai aldaketekin galdu den bizimodu primitiboarekiko maitasuna izango du ardatz. Euskal film onena La isla de los tigres (Igor Belido) izendatu dute: pasio, adiskidetasun eta konpromisozko istorioa.
Bestalde, surfarekin zerikusirik ez duen lan onenaren saria Crystal Mosellek zuzendutako Skate Kitchen izan da, eta ikus-entzuleek Aitor Francescena estatuko lehen hobekuntza-eskolaren sortzailearen jarduna aztergai duen Ametsetan bizitzen (Álvaro Guerra) euskal ekoizpena nabarmendu dute.
K Sariak martxan dira
Horiez gain, Euskal Herriko jaialdietako filmak lurralde osora zabaltzea eta bertako zineklubei festibaletan ikusgarritasuna ematea helburu duten K Sariak ere banatu dituzte. Butak 21, Ozzinema, Goieniz, zinetogram eta Kresala zineklubetako kideek osatutako epaimahaiak Rick Wallen AP SHAPES film laburra errekonozitu dute:
“Surfeko taulari begiratzeko moduagatik, surflari orok nahi dituen trebetasunak erakusteko funtsezko elementua baita. Kostaldearen eta olatuen edertasunaz haragoko istorio bat kontatzen duelako. Protagonistaren ibilbidea kolore saturatuen paletarekin margotutako irudi inpresionistez osatu eta konbinazio ezin hobea osatzen duelako dira taulak egitearen zehaztasuna eta mimoa transmitituz”.
Informazio gehiagorako, sakatu hemen.