Hamaseigarren edizioari hasiera emateko hilabete eskas falta den honetan, aurtengo programazioaren azken elementua aurkeztu dute Punto de Vista jaialdiko arduradunek: Zinema gainerako diziplina artistikoetara eta zientzia izeneko jakintza-jardueretara zabaltzeko xedez jaio den KONTAKTUAK atal berria.

2022ko maiatzaren 14tik 19ra egingo duten ekitaldiari begira, aurreko edizioetan hartutako goranzko bideari eutsi nahi dio aurten ere jaialdiak eta, egonkortasunarekin batera, nazioarteko sona eta parte-hartzean hazkunde nabarmenak izango direla espero du Manuel Asín zuzendari artistiko berriak gidatutako lan-taldeak.

Programazio Batzorde berriaren estreinu lana izango du, hain zuzen, ezaugarri bereziena; eta tantaka iragarri dituzten zazpi sail handitan antolatu dute filmen eskaintza. Batetik, urteroko ezagunak diren horiek: Sail ofizialaAtzera Begirakoak, Foku Garaikideak, X Films proiektua edo Hezkuntza Programa. Bestetik, bi sail berri gehituko dizkiote aipatutako horiei: LAN, sorkuntza eta ekoizpen prozesuen inguruko jarduera publiko batzuk proposatuko dituen atala, lehenengoa; eta KONTAKTUAK, zinema dokumentala beste praktika artistiko eta zientziaren aterkipeko  praktika batzuekin harremanetan jarriko duena.

Hain zuzen, azkenengo hau izan da jaialdiko arduradunek aurkeztu duten azkena eta, honekin, itxitzat jo dute egitaraua. Sailaren izena Espainiako zinemaren historiako filmik erradikal eta urratzaileenetako batetik dator: Contactos (Paulino Viota, 1970); jaialdiko lehenengo Heterodocsias Rewind sailean parte hartu zuen film horrek, 2010ean.

Bere gain hartuko dituen edukiei dagokienean, besteak beste, jaialdiak Gutun Zuria eskaini dio Fernando Gandaseguiri arte bizien programazio proposamen baten komisario lanak egin ditzan; izan ere, azken edizioetako jarduerarik emankorrenetakoa izan da eta, Garbiñe Ortega aurreko zuzendari artistikoak abiatu ostean, egungo programazio batzordeak eutsi egin dio horri. Horretarako, artista, kuradore eta ikertzaileak aurtengo hausnarketa ildoetako bat hartu du abiapuntu: ibaiak. Gogoratu beharra dago edizio honetako bi atzera begirakoetako bat ibaien inguruan egituratuko dela. Fernando Gandaseguiri emandako gutun zuriaren izenburua Desbordes: otra historia del ojo izango da.

Bestalde, proiekzio bat eta performance sorta bat izango dira, Bruno Delgado Ramo, Esperanza Collado, Paula Guerrero eta Javier Monteroren eskutik. Pantailarako ekintzak izenburupean, pantailari buruzko hausnarketak egingo dituzte, geometriatzat eta zinemaren gutxieneko elementutzat hartuta. Jarduera horiek guztiak Oteiza museoan izanen dira.

Bukatzeko, Reina Sofía Arte Museo Nazionalarekin lankidetzan, Aquí no hay nada que comprender dokumentalaren munduko estreinaldia egingo dute; luzaroan Azpirotzen (Nafarroa)  bizi izan zen Elena Asins (1940-2015) artista madrildarrari buruzko pieza. Horrekin batera, Líneas y puntos (2010) filma proiektatuko dute, Asins berak Gorka Alda konposatzailearekin batera landutako sorkuntza ugarietako bat.

Programazio osoa,  akreditazioak eta sarreren salmenta

Martxoaren 3an iragarriko du Punto de Vistak programazio osoa, eta egun horretan jarriko ditu salgai, halaber, publiko orokorrarentzako sarrerak. Ikus-entzunezkoen eremuko profesional eta ikasleei eta prentsari zuzendutako akreditazioak eskatzeko epea ere egun horretara arte egongo da zabalik.