2022ko abuztuaren 17tik 20ra bitartean ospatuko dute NIFF Navarra International Film Festival zinema jaialdiko laugarren edizioa, eta dagoeneko lanak bidaltzeko epea ireki dute antolatzaileek. Apirilaren 28ra arte dago izena emateko aukera.

NIFF 2022-zinea

Zinemagintza abiapuntu, hausnarketarako topagune izan nahi duen NIFF Navarra International Film Festivalak edizio berri bat jarri berri du martxan. Pandemiak ekarritako murrizketa eta zailtasunei aurrea hartuta, egonkortzen eta indartzen ari da urtez urte. Ikus-entzunezko emanaldiak, masterclassak, tailerrak, liburuen aurkezpenak eta beste hainbat jarduera burutu ohi dituzte jaialdiak iraun bitartean, betiere, gai sozialak eta egunerokoan puri-purian daudenak jorratuz.

 “NIFFek interesik ezaren, mespretxuaren eta konpromisorik ezaren aurkako adierazpena izan nahi du. Hori da mende honetako benetako gaixotasuna, kontsumitu ahal duguna baino gehiago sortzen baitugu, eta zoriontasuna eskaintzaren eta eskariaren legearen mende dago”. Hala, gure planeta zaintzearekin zerikusia duten lanak, migrazioa eta arrazismoa jorratzen dutenak, zahartzaroari, feminismoari, ezgaitasunei edota LGTBI+ kolektiboari lotutakoak galdegin dituzte aurten ere.

Fikziozko, animaziozko edota lan-dokumentalak aurkezteko epea ireki dute, eta apirilaren 28a izango dute ekoizle eta zinemagileek beraien proposamenak bidali ahal izateko azken eguna.  Horretarako, bi bide ahalbidetu dituzte: FilmFreeway eta Festhome plataformak.

Hautaketa-batzordeko kideek aurkeztutako lanak ikusi, eta abuztuaren 17tik 20ra bitartean ospatuko duten jaialdiaren laugarren edizioan lehiatuko direnak aukeratuko dituzte. Horiek lau ataletan banatuko dituzte: sail ofiziala (film luzeak eta film laburrak), zinema eta klima aldaketa saila, film labur espainiarren sail ofiziala, eta ikasleek sortutako filmen saila.

Informazio gehiago, hemen.