Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea helburu, K Sariak izeneko egitasmoa abiatu zuten iaz tokiko hainbat jaialdi eta zineklubetako ordezkariek. 2022 urteko lan-ildoa izango dena aurkeztu berri dute.

K Sariak. 2022an 50 urte beteko dituen Donostiako Kresala Zinekluba izan zen ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta proiektura batu ziren laster Azkoitiko, Beasaingo eta Urretxu-Zumarragako zineklubak. Aurtengoan, Oreretako Ozzinema batu da taldera, eta lankidetzaren fruitu, jaialdi berriak ere erakarri dituzte egitasmora.

Baina, zertan datza proiektuak? K Sariak zineklub eta zinemaldien arteko lankidetzaren emaitza dira. Zinema komertzialetik harago doan eskaintza horretan sakonduaz, Zinematografia desberdinak zabaldu nahi dizkiote publikoari eta, aldi berean, jatorrizkoak ez dituzten beste eskualde batzuetara zabaldu nahi dute beren jarduna, publiko berrietara heldu asmoz.

K Sarien sorrerak Nazioarteko Zineklub Federazioaren Don Quijote sarietan du oinarria; honen bidez, zineklub desberdinetako kideez osaturiko epaimahai batek zinemaldi desberdinetako filmak saritzen dituzte. Donostiako Kresala Zineklubeko lagunei egokitu zitzaien iaz epaimahai horietako bateko kide izatea, Tarragonako REC jaialdian, eta esperientzia hari esker jabetu ziren gurean ere zinekluben arteko sarea indartzeak zuen garrantziaz. Pentsatu eta egin; etxera itzuli eta berehala jarri ziren lanean. 2019an ospatu ziten Euskal Herriko Zinekluben I. Topaketan ehundutako saretik tiraka, indarrak batu, antolatu eta K Sariak sortu zituzten.

2022ko hitzorduak

Aurkeztu berri dute 2022ko lan ildoa, eta horren bidez jakin dugu bederatzi jaialdi izango dituztela bidelagun: Surf Film Festival (otsailaren 23tik 27ra); Huhezinema (martxoak 30etik Apirilaren 1era); Animadeba (irailaren 7tik 11ra); Donosskino (urriaren 4tik 8ra); Nazioarteko Zeinu Hizkuntza Zinemaldia (urriaren 17tik 22ra); Zinetika (urrian); Amua In Edit (abenduaren 8tik 10era); Hator Hator (abenduan); eta Gau Laburra (abenduan).

Aurrez aipatutako zineklub sustatzaileetako hiru kidek osatuko duten txandakako epaimahaia arduratuko da horietako bakoitzean lan bat nabarmentzeaz. Film irabazleak, Egingelak, Iker Babacek eta Asier Arizkorretak osatutako kolektiboak, egindako K formadun garaikurra emanago diete lan horiei.

Jaialdietan saritutako lanekin, azkenik, saio berezi bat antolatuko dute, eta urte amaieran Gipuzkoako hainbat herritan egingo dituzte emanaldiak. Hala, jaialdi horietako laginak lurraldeko herri gehiagotara heltzea lortuko dute, filmei zein ekimenei ikusgarritasuna emanez.