70eko hamarkadan errodatutako filmei errepasoa emango die Nafarroako Filmotekak matxoan. Ohiko saileko lanez gain, hainbat ziklo berezi aurreikusi dituzte; besteak beste, arrazakeriaren kontrako borrokarekin zein agroekologiarekin lotutakoak. Punto de Vista jaialdiaren baitako emanaldiak ere jasoko ditu egitarauak.
Hamargarren urtez jarraian, Nafarroako Filmotekak “zer da zinema?” galdera klasikoa hobeto ulertzeko beharrezkotzat jotzen duen film sorta proposatuko du. Filmak ordena kronologikoan aurkeztuz, zinemak historian zehar izan duen bilakaera modu naturalean erakutsiko dute. Martxoan, 70eko hamarkadan errodatutako filmen txanda izango da, eta 1922an jaiotako aktore, zinemagile eta musika konposatzaileak omenduko dituzte ere.
Jose Luis López Vázquez aktore espainiarra gogoratuz hasiko dute egitaraua. Martxoaren 11 batez jaio zen, eta 250 pelikula baino gehiagotan parte hartu zuen. Jaime de Amiñanek zuzendutako Mi querida señorita (1972) filma emango dute hilaren 2an haren memorian. Ostean etorriko dira Carl Reiner zuzendariari (Dead Men Don’t Wear Plaid, 1982), Vittorio Gassman aktoreari (La cena, Ettore Scola, 1998), eta Elmer Bernstein konposatzaileari (Far from Heaven, Todd Haynes, 2002) eskainitako saioak. Kristina Grozeva eta Petar Valchanovek zuzendutako Urok (2014) ere berreskuratuko dute.
Bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, halaber, Nafarroan ekoitzitako hiru lan izango dira ikusgai Nafarroako Filmoteka sailean: Nafarroako Museo Etnografikoak bultzatutako Reconstrucción de un tejado de tablilla (2021) dokumentala, Marina Lameirok Berri Txarrak musika taldearen inguruan zuzendutako Dardara (2021), eta Aitor Merinoren Fantasia (2021) emango dituzte.
Ateneok aurkezten du… atalean Ano natsu (Takeshi Kitano, 1991) ekoizpen japoniarra proiektatuko dute. Eta arrazakeriaren kontrako zinema atalak hiru emanaldi izango ditu: Joanna Kos-Krauze eta Krzysztof Krauze poloniarrek zuzendutako Papusza (2013), Aki Kaurismäki finlandiarraren Toivon tuolla puolen (2017), eta Javi Julio donostiarraren Aita Mari (2021) dokumentala.
Emanaldi bereziei dagokienez, Punto de Vista zinema jaialdiarekin elkarlanean atondutako ziklo txikia prestatu dute, festibalaren hezkuntza programaren baitan. Martxoaren 17an, DBH4tik gorako ikasleei zuzendutako saioan, bi film ikusiko dituzte ikasleek, eta zinemagileekin hitz egiteko tarte bat izango dute. Proiektatuko diren filmak honako hauek dira: Mikel Gurrearen Heltzear eta Lur Olaizolaren Zerua blu. Bestalde, aurreko urteetan bezala, film labur britainiarrak bultzatzeko helburuz sortutako BAFTA Short Film programako zazpi lan emango dituzte.
Nafarroako Liburutegi Zerbitzuaren lankidetzan, Zinema eta agroekologia zikloaren bigarren emanaldia ere egingo dute martxoan. Tania Hernandez Velasco zuzendari mexikarraren Titixe (2018) dokumentalean landa eremuetako abandonua, “azken uztaren mosaiko intimoa”, ezagutuko dute bertaratutakoek.
Emanaldiak 19:30ean izango dira, eta sarrerek 3 euro balio dute. Sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutura arte.
Ezagutu Nafarroako Filmotekak martxorako prestatu duen egitaraua, hemen.