Zuzendaria: Xabier Erkizia
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria

 

-Zarata beti inorena da-

“Zarata beti inorena da”, zioen Xabier Erkiziak pasa den ostegunean Madrilgo Cineteca aretoan, bere O gemer dokumentalaren estreinaldian. Ez ginen asko aurkeztu aretoan, eta nahiz eta esperientzia hark (nola izendatu, bestela?) ordu bete eskas iraun, ikuslegoaren erdiak bakarrik eutsi genion proiekzioaren bukaeraraino, Erkiziaren ondorengo testu eta solasaldiraino. Ez da harritzeko zerbait, ordea, ez filmaren kalitatea zalantzan jartzen duen arrazoiren batengatik, baizik eta zinemagilearen helburuaren berezko efektuetako bat dirudielako, hain zuzen. Zarata da, azken finean, Erkiziak landu nahi duen gaia, eta, hortaz, zaratatsua da filmaren forma (materiaren eta formaren arteko harreman harmoniatsua mantentzen da, behintzat). Ez da, bada, ikustaldi atsegina. Erkiziaren beraren hitzetan, filmari “lehen ikusita ez neukan zerbaiten forma eman nahi nion”, horixe baita haren ikerketak gaitzat duena.

Bost mila urte inguru omen ditu hamar bat urtez Erkizia obsesionatu duen soinu/zaratak: jada Gizako piramideen eraikuntzen garaiko irudikapenetan ageri dira zarata hura ateratzeko gai ziren idi-gurdiak. Atzera begiratuz, penintsulan idi-gurpilak orain dela gutxi samar galdu badira ere, Brasilera joan behar izan du Erkiziak soinua entzun ahal izateko, hemen galdu dena nolabait berreskuratzeko. Hala ere, ez omen du nostalgiak gidatzen Erkiziaren gurdia —ez al dago, nolabait, soinu-artisten arduren muinean nostalgia? Ez al dira momentuan uxatzen diren horiengatik kezkatzen, irudiengatik ez ezik, xaboi globoek bezain bizitza motzak dituzten horiengatik?—; esan bezala, filmaren formak onartu egingo du, hasiera-hasieratik, zarata (eta ez soinu) baten aurrean gaudela. Arrotza zaigun soinu bat dela, alegia, zarata beti baita, kultura batentzat, kultura arrotzak ateratzen duen soinua. Horrela, gurpilak afinatzen dituzten Brasilgo gidari haien harrotasunarekin (antzerako zerbait gertatzen da hemen, auto tunningaren munduan), soinu/zarataren dikotomia erlatibizatu nahi du Erkiziak.

Pieza beregaintzat hartu ohi ditugu filmak, metrajeaz haratago dagoen materialik behar ez duen entitatetzat. Ez da hori O Gemerren kasua, eta hortxe datza proiektuaren barne gatazka nabarmena. Erkiziaren hamar urteko bilaketa horretatik, oraindik heltzeko dira pantailan ikusgai ez dauden materialez betetako liburua, albuma, erakusketa… (proiektua izugarria da).  Dena dela, Erkiziak filma zarata pieza beregain baten moduan ikusten badu ere, bidaia testuinguruan jartzeko materialak sartu behar izan ditu, zineman proiektatzeko nahitaezkoak. Abstrakzio esperimentalaren eta ikerketa-dokumentalaren bidean geratzen da, beraz, filma, txirrikan, soinu desatsegin bat eginez. Nork jakin, beharbada horixe nahi du Erkiziak.