Surfaren inguruko ikus-entzunezko sorkuntzak ikusteko aukera egongo da otsailaren 23tik otsailaren 27ra, Bilboko Itsasmuseumean. Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival egitasmoaren helburua surfaren unibertsoa sustatzea izanik, 21 dokumental lehiatuko dira sail ofizialean, eta beste 10 lan ere erakutsiko dituzte.
TAUI MEDIA SL-k antolatutako jaialdi “dibertigarri eta hezitzailea” da Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival, surfa oinarri duena. Getxon, Muxikebarri zentroan egingo dute inaugurazio gala hilaren 23an, eta sail ofizialeko lehen film sorta proiektatuko dute bertan. Euskal Herriko surf munduko mitoen lanak ikusi ahal izango dira , mundu mailako estreinaldiak direnak. Egun berean, ikus-entzunezko euskal industriako hainbat profesionalekin (Kepa Acero, Arrate Arana, Alex Garcia eta Itziar Garcia, besteak beste) mahai-ingurua prestatu dute.
Gainerako emanaldi guztiak, ordea, Bilboko Itsasmuseumean egingo dituzte. Guztira 21 lan lehiatuko dira festibalean, abentura eta bidaiak, natura eta ingurumen-kontzientziazioa, emakumeen balioa eta lortutako aurrerapausoak izango dituztenak gai, baina lehiaz kanpoko beste 10 lan ere erakutsiko dituzte.
Itsaso Frau ekoizleak, Germán Pinelo errealizatzaileak eta Itziar García produktoreak osatutako epaimahaiak hainbat sari emango ditu, eta ikus-entzunezkoek ere beraien lan gogokoena erabakitzeko eskumena izango dute: dokumental onena, film labur onena, official selection saria, euskal film onena, surfarekin zerikusirik ez duen lan onenaren saria, eta epaimahaiaren saria. Horiez gain, Euskal Herriko jaialdietako filmak lurralde osora zabaltzea eta bertako zineklubei festibaletan ikusgarritasuna ematea ditu helburu Gipuzkoako lau zinekluben artean sortutako K Sariak ere banatuko dituzte. Hau da, zineklubetako kideek osatutako epaimahaia arduratuko da festibaleko lan bat nabarmentzeaz.
Festibalera gerturatzeko eta jardueretan parte hartzeko sarrerak salgai daude Itsasmuseoan, Muxikebarri zentroan eta Bilbaosurffilmfestival.eus webgunean.
Zinemaz haratago
Pelikulen emanaldiez gain, hitzaldiak, musika kontzertuak eta jarduera ezberdinak garatuko dituzte. Besteak beste, kirol inklusiboa hizketagai izango duen mahai-ingurua antolatu dute otsailaren 25erako. Egun berean, Punta Galean ospatutako olatu handien nazioarteko surf txapelketari (Punta Galea Challenge) buruzko hitzaldia eskainiko dute, eta hurrengo egunean, surf taulak nola fabrikatzeaz arituko da Kepa Acero surflaria.
Informazio gehiagorako, sakatu hemen.