Pandemiari aurrez eginez, iaz ez bezala, modu presentzialean ospatu dute aurten Berlinale Nazioarteko Zinema Jaialdia. Carla Simón zinemagile kataluniarraren bigarren film luzea, Alcarràs, izan da Urrezko Hartza irabazi duen ekoizpena, eta Hong Sang-soo hegokorearraren So-seol-ga-ui yeong-hwa lanak jaso du epaimahaiaren sari nagusia. Zuzendari onena Claire Denis izendatu dute.
Otsailaren 10ean ekin zion Berlingo Zinema Jaialdiak 2022ko ekitaldiari. Ikus-entzuleak berriz zinema aretoetara hurbildu eta festibaleko pelikulak bertatik bertara ikus zezaten izan dute erronka antolatzaileek. Izan ere, iazko edizio bitxia atzean utzi nahian, esperantzarik badela aldarrikatu nahi izan dute. Francois Ozon frantziarrak ireki zuen 72. Berlinale-a, Rainer Werner Fassbinderren omendu nahian sortutako The Bitter Tears of Petra von Kant lanarekin. Eta ostean, Urrezko Hartza irabazi asmoz lehiatu diren 18 lan erakutsi dituzte.
Azken lehiaketa egunak iritsi bitartean, faborito argirik ez da izan, baina halako batean, Carla Simón agertu da. M. Night Shyamalan buru izan duen epaimahaiak zein nazioarteko kazetari eta kritikariek ez dute zalantzarik izan. Alcarràs, zinemagile kataluniarraren bigarren film luzea izan da festibaleko lan onena -bere aurreko lanak, Estiu 1993 (2017), opera prima onenaren saria irabazi zuen festibalean-. Hala, historian aurrenekoz, zinema jaialdi garrantzitsuenen sari nagusi guztiak emakumezkoek zuzendutakoak izan dira urtebetean: Julia Ducornauren, Titane (Cannesen); Audrey Diwaneren, L’Événement (Venezian); eta Alina Grigoren, Crai nou (Donostia Zinemaldian). Alcarràs 2022ko apirilaren 29an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Simón, gainera, Urrezko Hartza lortu berritan, Donostian izango da bihar (otsailak 18), Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Koldo Mitxelena kulturuneak elkarlanean antolatutako ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroaren baitan.
Azken urteetan Berlingo Zinema Jaialdian ohiko bilakatu den Hong Sang-soo hegokorearra ere ez da esku hutsik etxera itzuli. Zuzendari onena izendatu zuten The Woman Who Ran (2020) lanagatik, gidoi onenaren saria eman zioten Introduction (2021) ekoizpenari, eta aurten, So-seol-ga-ui yeong-hwa (The Novelist’s Film) filmak epaimahaiaren sari nagusia lortu du. Natalia Lopez mexikarraren Manto de gemasek, berriz, epaimahairen saria.
Zuzendari onena Claire Denis (Avec amour et acharnement) izatea erabaki dute, eta Andreas Dresenen Rabiye Kurnaz gegen George W. Bush ekoizpenak bi sari jaso ditu: gidoi onenarena eta aktore protagonista onenarena (Melten Kaptan). Taldeko interpretazio onena, aldiz, Laura Basukirena izan da, Nana (Kamila Andini) filmean egindako lanagatik.
Film laburren sailean, Louis Patiñi galiziarrak sortutako El sembrador de estrellas lana saritu dute. Tokioko gaueko unibertsoan zehar bidaia “oniriko eta espirituala” eskaintzen du lanak, Antonio Machado, Borges, Beckett eta Sontagen testuetan oinarrituta, eta Xabier Erkizia lesakarrak izan du soinuaren ardura.
Alauda Ruiz de Azúa bizkaitarra Cinco lobitos bere opera primarekin lehiatu da Panorama sailean (Lutz Pehnert alemaniarraren Bettina lana nabarmendu dute atal honetan). Filma amatasunari buruzko kontaketa intimo eta zintzoa da: Amaia erditu berri da, eta Javi bikotekideak kanpora joan beharko duenez, gurasoen etxera itzuliko da, euskal kostaldeko herri batera, aitak eta amak haurra zaintzen lagundu diezaioten. Amaren eta alabaren arteko elkarketak, hirugarren belaunaldiaren etorrerarekin, aspaldiko lotura bistaratuko du, baita bien artean egun dituzten desadostasun eta ezberdintasunak ere.
Bestalde, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako eta Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako 20.000 especies de abejas lanak jaialdi alemaniarreko Co-Production Market 2022 merkatuan parte hartu du. ECAMen aurrera eramandako The Screen proiektuko La Incubadora programan hautatu zuten 2020an Urresolaren proiektua, eta aurretik, NOKA Mentoring programan partaide izan zen.
Zinemagile arabarraren filmak haur transexualen gaia izango du ardatz. Barneko bizitza nola ulertzen eta esperimentatzen dugun eta kanpoko munduarekin nola uztartzen dugun aztertuko du. Bi mundu horiek bereizten dituzten mugak eta maitasunaren izenean familiaren baitan gauzatzen diren indarkeriak ere jorratuko ditu.
Ezagutu palmares osoa, hemen.