Zinema dokumentaleko imaginarioa eta lan prozesuak aztertzeko elkargunea izango da ‘Lan’, Iruñeko Punto de Vista jaialdiaren atal berria. Topaketak, bilerak, mahai-inguruak eta aurkezpenak izango dira nagusi, hainbat eduki multzotan aurkeztuta.
Manuel Asín zuzendari artistikoaren aroa hasiko den den honetan, Iruñeko Punto de Vista jaialdiko arduradunak edizio berriko ezaugarriak aurkezten ari dira tantaka. 2022ko maiatzaren 14tik 19ra egingo duten XVI. edizioari begira, goranzko bidea jarraituko du eta egonkortasunarekin batera, nazioarteko sona eta parte-hartzean hazkunde nabarmena izango ditu ekimenak.
Programazio Batzorde berriaren estreinu lana izango du ezaugarri berezia eta zazpi sail handitan antolatuko da. Batetik, urteroko ezagunak diren horiek: Sail ofiziala, Atzera Begirakoak, Foku Garaikideak, X Films proiektua edo Hezkuntza Programa. Bestetik, bi sail berri gehituko zaizkie aipatutako horiei: Lan, sorkuntza eta ekoizpen prozesuen inguruko jarduera publiko batzuk proposatuko dituen atala, lehenengoa; eta Gainezkatzeak, zinema dokumentala beste praktika artistiko eta gogoeta praktika batzuekin harremanetan jarriko duen bigarrena.
Bada, eduki sorta hori gehiago aberastuko duen LAN atala aurkeztu berri dute antolatzaileek. Zuzendari artistikoa berriaren eta programazio batzordearen ekimenez jaio da eta zinema-dokumentalaren oinarri, imaginarioa eta lan-prozesuak izango ditu oinarri, formatu parte hartzailean.
«Lana», «jarduera» ez ezik, «uzta» ere izan daiteke. Eta zentzu horretan, sail honen izenaren irakurketa historiko bat proposatu dute arduradunek: “Izan ere, denbora luzez, landa lana beste lanik ez zen egon. Beharbada horregatik, Portugalgo zinemagile bikote miresgarri batek, António Reisek eta Margarida Cordeirok, beti esaten zuten «zinemaren nekazariak» zirela, hori pentsatzeak lagundu egiten ziela, eta horregatik aukeratu da «Lan» izena jaialdiko sail berri honentzat”, azaldu dute. Bertan, zinema dokumentaleko imajinazio eta lan prozesuei buruz hausnartzeko bilerak proposatuko dira, hainbat eduki multzotan aurkeztuta: Paisaia; Termitas; Paulino Viotak gidatutako mintegia; Léa Morinek aurkeztutako «zine-konferentzia»; Marokoko zinema dokumentalaren historiaren inguruko atzera begirakoari buruzko mahai-ingurua; eta, azkenik, NaparDocs.
Zer eskainiko du bakoitzak?
- PAISAIA
Azken lau urteetan, euskal eta nafar zinemaren panorama jakin bati eskainitako saioak bildu dira Paisaian, publikoari zabaldutako jarduera gisa planteatuta: filmak proiektatzeaz gain, zinemagileek filmen produkzio prozesuaren zenbait alderdi azalduko dituzte labur-labur.
Aurtengo edizioan, Patxi Burilloren Argileak, Ainara Elgoibarren Rotor eta Anna Guia-Erikssonen They Speak Too filmek osatuko dute programazioa.
- TERMITAS
Gure testuinguru hurbileko obra berriak edo gutxi proiektatu direnak aurkeztuko dira, eta, horrez gain, zinemagileei beren lan prozesuko materialak aurkezteko eskatuko zaie.
Ondorengo filmak hartuko dutu programazioak: Carmen Bellasen eta Alberto Berzosaren Memorias de ultramar; Carolina Kuzelucen eta Diana Kuzelucen Kambá!; Concha Barqueroren eta Alejandro Alvaradoren Descartes; Pablo Casanuevaren 8 filmes sobre la guerra; eta Volga kolektiboaren Alyonka soñada.
- PAULINO VIOTAREN HITZALDIA: ‘Las personas del cine: primera de singular’
Paulino Viotak zineman lehen pertsona nola erabiltzen den azalduko dio publikoari; izan ere, zinema dokumental garaikidean gero eta gehiago erabiltzen ari da lehen pertsona. Azken urteetan sakon aztertu duen egileetako bat izango du ardatz Viotak: Federico Fellini, bere baitara biltzeko eta nia jorratzeko joera handia zuen zinemagilea.
- ZINE-KONFERENTZIA ETA MAHAI-INGURUA
‘Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon’ atzera begirakoaren luzapen gisa, «zine-konferentzia» eskainiko du Marokon bizi den Léa Morin ikerlari frantsesak. Horrez gain, mahai inguru bat egingo da, eta, bertan, Elias Querejeta Zine Eskolak ere parte hartuko du.
- NAPARDOCS
Tokiko sortzaileak elkartu eta zinema dokumentalari buruz hitz egiteko gune bat proposatzeko asmoz, 2018an NaparDocs sortu zuen Nafarroako ikus-entzunezko ekoizpen etxeen NAPAR elkarteak. Bada, topaketa ireki hau garatu eta hazi egin da, leku gehiago lortu du jaialdian, eta Nafarroako lurraldetik haratago zabaldu da.
Aurtengo edizioan, eztabaida gune honek hiru lan mahai izango ditu ardatz, sorkuntza eta zuzendaritza, produkzioa eta banaketa zinematografikoari buruzkoak, eta jaialdiak gonbidatutako pertsonek moderatuko dituzte eztabaidak. Hiru ponentzia horietatik abiatuta, esperientziak partekatzeko eta beste profesional batzuekin loturak sortzeko aukera emango du NaparDocsek.