FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioaren atarian, jaialdiari lotutako emanaldi berezien eta estreinaldien PREFANT zikloari ekingo diote bihar (otsailak 17), hirian. Raúl Cerezo eta Fernando González Gómez zinemagile espainiarrek zuzendutako La pasajera (2021) beldurrezko filmaren aurrestreinaldiarekin zabalduko dute aurtengo egitaraua.

La pasajera-PreFant-zinea

Maiatzaren 6 tik 14ra ospatuko dute Bilboko Udalak antolatutako Zinemaldi Fantastikoa, baina oraindik ere hitzordua iristeko bi hilabete luze falta direla jakinda, eta azken urteetako ekimenari jarraipena emanez, hainbat film pantailaratuko dituzte Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zineman.

La pasajera izango da PREFANT zikloan ikusgai egongo den lehen ekoizpena, otsailaren 17an, 20:00etan. Bertaratzeko gonbidapenak aretoko leihatilan jaso ahalko dira egunean bertan, 16:30etik aurrera.

Fernando Gonzálezek eta Raúl Cerezok zuzendutako filma da La pasajera: furgoneta partekatu batean, gizon bat eta hiru emakume doaz, eta bigarren mailako errepide batean iluntasunean dabilen turista bat harrapatu dute. Ibilgailura igo eta hurbilen dagoen ospitalera eraman ondoren, furgoneta zaharreko bidaiariak portaera bitxia duela ikusiko du hirukoteak.