Antzinako zaratari buruz Xabier Erkiziak zuzendari gisa osatutako lehen luze esperimentala, O gemer, otsailaren 17tik 20ra bitartean Madrilgo Cinetecan egongo da ikusgai. Zinemagile eta artista lesakarrari eskainiko dioten zikloaren baitan estreinatuko dute euskal idi-gurdien soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoa izango dena.

O_GEMER_estreinaldia-zinea

Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatu zen 69. Donostia Zinemaldian O gemer, eta ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioan ere erakutsi zuten ondoren. Orain, zinema aretoetan egongo da ikusgai, Madrilen batik bat. Ikerlari, ekoizle eta soinuaren lanketan aditua den artista lesakarrari Cinetecak eskainiko dion zikloan egingo du aurkezpena, eta film esperimental honekin lotura zuzena duten beste lau pieza txiki ere eskainiko dituzte. Horrez gain, Erkiziak hitzaldia ere emango du, bere sorkuntza prozesuari buruzkoa.

Hiru emanaldi izango ditu O gemer lanak Madrilen: otsailaren 17an, 18an eta 19an. Lehenengo saioaren ostean gauzatuko da zuzendariarekin hizketaldia, eta gainerako egunetan Aboio izeneko pieza gehigarriak (eranskinak direnak) proiektatuko dituzte. Hilaren 20an, Plató Saa aretoan, hitzordu berezia izango dute bertaratutakoek zinemagilearekin.

Euskal idi-gurdien soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoa proposatuko du lesakarraren lehenengo ez fikziozko proiektuak. Tamara García Iglesias ekoizlearen laguntza izan du, eta guztira, 63 minutuko lana sortu dute: Kantauriar erlaitzaren zati batean 60ko hamarkadara arte iraun zuen soinu hori gaur egun ia Iberiar penintsula osoan desagertuta dago. Hala, hainbat urteko ikerketa baten ondoren, gure lurraldeko soinuaren egungo isiltasunetik hasi eta Brasilgo erdialdean berriz agertu arteko ibilbidea kontatuko du filmak. Orgak aurrera egiten duenean sortzen duen soinu zurrunbilo (baina findu) horrek zalantzan jarriko ditu gure zentzumenak.

Informazio osagarria, hemen.