Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak 19. edizioko irudia aurkeztu du. SISU 360º (Jotta Zubiría & Uxue Montero) enpresak egindako argazkia abiapuntu hartuz, Ytantos estudioak diseinatu du Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra protagonista duen kartela.

Giza eskubideen Zinemaldia 19-kartela-zinea2022ko apirilaren 1etik 8ra ospatuko dute aurtengo ekitaldia, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Atalak eta Donostia Kulturak antolatua, eta Victoria Eugenia Antzokia zein hiriko hainbat agertoki izango ditu egoitza. Bada, dagoeneko, 19. edizioko kartel ofiziala aurkeztu dute, eta berrikuntzekin dator: azken urteetako ildo kontzeptuala alboratuz, Afganistango emakumeen eskubideen aldeko borrokalaria den Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalaria ageri da irudian. Argazkia SISU 360º (Jotta Zubiría & Uxue Montero) enpresak egin du, eta kartela Ytantos estudioak diseinatu du.

Neskatila bat besterik ez zen Bayat milizia talibanek jaurtitako obus bat etxera sartu eta larri zauritu zuenean. Bere anaia, ostera, hil egin zen. Mugitzeko arazoak ditu ordutik, baina talibanak boteretik irten zirenean sortutako zabalkuntza giroa aprobetxatuz, Zuzenbide ikasketak burutu zituen. Nazioarteko gurutze Gorrian aritu zen lanean, eta Kabulgo errehabilitazio-zentroan kirol-jarduerak bultzatu zituen dibertsitate funtzionala duten emakumeen kolektiboaren artean. Bertan sortu zuten gourpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionaleko kapitaina izan da Bayat.

Bilboko Bidaideak Bilbao BSR taldean jokatzeko aukerari esker, Kabuldik alde egin ahal izan zuen iaz, eta besteak beste, Free Women for Afganistan lankidetza-proiektua abiarazi du.

Informazio gehiago, hemen.