Mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea helburu duen Nest saileko film irabazleak proiektatuko dituzte bihar, otsailak 12, Tabakalerako zinema aretoan. 69. Donostia Zinemaldiaren baitan, 20 urte bete zituen ekimenak, eta epaimahaiak nabarmendutako U sumi / In the Woods (Sara Grguric) eta Podul de piatrâ (Artur-Pol Camprubí) lanak izango dira ikusgai.
2021eko irailaren 20tik 22ra gauzatu zituzten 69. Donostia Zinemaldiko Nest saileko jardueretan nazioarteko hamalau zinema eskolatako beste horrenbeste ordezkari izan ziren hirian, eta film laburren emanaldietan ez ezik, hiru ekintza osagarritan parte hartzeko aukera ere izan zuten. Proiekzioak amaituta, epaimahaiak 20. ekitaldiko proiektu irabazleen izenak jakinarazi zituen: U sumi / In the Woods eta Podul de piatrâ. Bada, bi lan horiek Tabakalerako zinema aretoan pantailaratuko dituzte berriz bihar, otsailaren 12a, 19:00etan. Zinemaldia + Plus zikloaren baitan antolatu dute saioa.
Sara Grguric kroaziarraren U sumi filmak Sasa eta Filipen arteko harremana du hizpide, pandemiagatik isolatuta daudenean. “Aurrean nor daukagun ez ikustea indarkeria-ekintza bat da. Konplexutasunagatik, zehaztasunagatik, gutxirekin kontakizun itzela egiten duelako, eta ikusi genuenetik barnean gelditu zaigulako”, egin diote aitortza Nest saileko epaimahaikideek Donostia Zinemaldian.
Bestalde, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle Artur-Pol Camprubiren Podul de piatrâ proiektua ere emango dute, festibalean epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuena, “protagonista irudikatzeko baliatu duen errespetuagatik eta fotograma guztietan magia transmititzeagatik”. Filmeko protagonista Angelica da, Aragoiko Zerrendako herrixka batean bizi den emakumezko errumaniarra. Moxal bat jaiotzen ikusiko du, eta irudia alboratu ezinik ibiliko da.
20 urte ikasleak batzen
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, NEST sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakusteko eta sustatzeko leku bat izateaz gain, ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaketa bihurtzeko jomuga ere badu: zinemari buruz eztabaidatzeko ez ezik, zinema-prestakuntzaren arloaren eta profesionalen arteko topaketa errazteko ere Zinemaldiak gaitzen duen gunea.
2002an sortu zen Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketa gisa, eta, ondoren, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa (EIECINE) izena hartu zuen. 2008an, Tabakalera sailaren antolakuntzan sartu zen, eta film laburren eta eskolen parte-hartzeak gorakada esponentziala izan zuen. Halaber, programazioa ere nabarmen handitu zen: topaketari egunak gehitu zitzaizkion eta zinemako profesionalen klase magistralak antolatzen hasi ziren.