Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 19. edizioa otsailaren 28tik martxoaren 7ra ospatuko dute. Nazioarteko eta Euskal Herriko 26 film laburrek osatuko dute 2022ko ZINEGOAK jaialdiko sail ofiziala, baina iragan ekitaldietan bezala, hitzordua iritsi aurreko egunetan beroketa-lanak egiteko jarduera bereziak prestatuko dituzte, doan izango direnak.
Otsailaren 25ean (ostirala), Randy Barbatok eta Fenton Baileyk zuzendutako Mapplethorpe, look at the pictures (2016) dokumentala eskainiko dute Bilboko Guggenheim Museoko auditorioan, 18:00etan. Robert Mapplethorpe argazkilari amerikarraren alderdi pertsonalenak ezagutzera emango ditu ekoizpenak, bere senideei ahotsa emanez. Era berean, 60ko eta 70eko hamarkadetako New York arriskutsua erakutsiko du. Emanaldia TopArte programaren baitan antolatu dute.
Hurrengo egunean, hilak 26 (larunbata), Albertina Carri argentinar zinemagileak zuzendutako Barbie también puede estar triste (2001) film laburra proiektatuko dute. Izan ere, Carrik jasoko du 2022 urtean festibal bilbotarrak ematen duten Ohorezko Saria. Omenaldi gisa, zuzendari argentinarraren obrari buruzko ziklo berezia hartuko du programazioak. Ostean, “Ez amour ezta toujours” ikuskizunari ekingo diote, ezagunak diren abestien irakurketa feminista, kritiko eta dibertigarria eskainiko duena. Kabaretaren, kontzertuaren eta kontzientzia feministaren arteko bidegurutzea izango da, eta Irantzu Varela, Aranzazu Calleja, Cris Lizarraga, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’, Esther Lopez eta Actea Jimenez izango dira bertan.
Otsailaren 27an (igandea), aldiz, Ohorezko Sariarekin lotutako proiekzio bat antolatuko dute berriz ere. 18:30ean, Bilborocken, Las Hijas del Fuego (2018) filma pantailaratuko dute. Saioa hasi aurretik aurretik solasaldia egongo da Carri eta Irantzu Varela kazetariaren artean.
Iaz bezala, unean indarrean dauden osasun-neurrietara egokitutako ekitaldia izango da aurtengoa, ohiko egiturari eutsiz sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur gunetara eramatea helburu izango duena.
Informazio gehiago, hemen.