Bederatzi paisaia desberdin, bederatzi errealitate linguistiko eta emozional, arakatu ditu Uhinak dokumentalak. Ekimenaren 22. Edizioaren karietara sortutako lana da, AEK-ak berak sustatu eta Txakur Gorria sormen kolektiboak sortutakoa. Korrika badator!
Aurreko edizioetan egin bezala, 2022an ospatuko den KORRIKA ekimenak ere egitasmoari indarra eta ikusgarritasuna gehituko dion ikus-entzunezko pieza izango du: UHINAK (2022). Aurtengoan, Txakur Gorria osatzen duten sortzaileen esku egon da ekoizpena, eta Laudioko Aiaraldea Ekintzen faktorian aurkeztu zuten iragan urtarrilaren 28an.1
«KORRIKAren leloak bi zati dituen moduan (“Hitz” eta “Ekin”), geuk bi zati horietan bereizi dugu dokumentala», azaldu zuen aurkezpen egunean Ane Labaka Txakur Gorria sormen kolektiboko kideak. «Hasteko, bederatzi lagunen “hitzei” esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera izango du ikusleak. “Ekiteari” dagokion zatian, berriz, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzeko gonbita egingo zaio, Lorea Agirreren ahotsean eta KORRIKAko irudi zaharrekin lagunduta».
33 minututan zehar, Korrikarekin harreman zuzena izan duten pertsonak elkarrizketatu dituzte eta artxiboko irudi ederrei esker, Euskal Herria euskararen alde zeharkatzen duen lasterketaren historia errepasatzen du lanak. Izan ere, Euskal Herriaren “zain eta arteria grisetan barrena” abiatu dira eta bederatzi ahotsekin egin dute topo bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutaraziko dizkiote ikusleari: Izaskun Igoa Jaimerena, Zigatik (Nafarroa); Mónica Fernandez Cuesta, Cintruenigotik (Nafarroa); Haira Aizpurua Ibargarai, Saratik (Lapurdi); Miryam Quintana Urrea, Kanpezutik (Araba); Itxaso Balza de Vallejo Carbajo, Maeztutik (Araba); Joxe Landa Odriozola, Itziartik (Gipuzkoa); Suhar Anzoradia Peritz, Barakaldotik (Bizkaia); Etxahun Anakabe Tapia, Barakaldotik (Bizkaia); Marie-Agnes Gorostiague Salaberri, Ainhize-Monjolosetik (Baxe Nafarroa).
Dokumentala ikusteko aukera andana
AEK-tik jakinarazi dutenez, “Uhinak” dokumentala ikusteko aukera ugari izango dira datozen egunotan. AEK-k eta Korrika Batzordeek, esaterako, herriz herriko emanaldiak programatuko dituzte, udalerrietako areto zein euskaltegietan. Horretaz gain, otsailaren 24an dago aurreikusita telebistako, ETB1 katean; eta hortik aurrera Interneten ere egongo da ikusgai, AEKren YouTube kanalean.