Errenteriako Ozzinema zineklubak Silent Night (Camille Griffin, 2021) film arrakastatsuaren estreinaldi bereziarekin emango dio hasiera otsaileko egitarauari. Asteartean, hilak 8, 19:30etik aurrera Errenteriako Niessen zinema-aretoan egongo da “inor axolagabe utziko ez duen filma” ikusgai.

Silent Night-OZzzinema-zinea

Munduak apokalipsiari aurre egiten dion bitartean, lagun talde bat Erresuma Batuko landetxe idiliko batean bilduko da Eguberri jaiak ospatzera. Gizateriaren suntsipen saihestezinaren ideiarekin deseroso, egoerari lasaitasunez aurre egitea erabakiko dute, beste Prosecco botila bat irekiz eta ospakizunarekin jarraituz. Baina normaltasunaren itxura egin nahi badute ere, lehenago edo beranduago, euren azken gaua delako ideiari aurre egin beharko diote.

“Komedia miserable, gaizto eta izugarri iluna” da Silent Night, Camille Griffin gidoilari eta zuzendariaren lehen film luzea. Matthew Vaughnek ekoiztu du proiektua, eta aktore zerrenda bikaina dauka: Matthew Goode, Keira Knightley eta Roman Griffin Davis, besteak beste.

Lanak gai delikatu bat proposatuko du, ikusleak zatituko dituena. Probokazioa? Entretenimendua? Komedia tonuan gai arantzatsu guztiak jorratzen dituen drama familiar hondogabea? Aitortzek, damuek eta erabaki eta ideia txarren berrespenek osatzen duten kontakizunak lema-astindua espero du makurtuta, eta pasaeran dena suntsituko du.

Saioa Errenteriako Niessen zinema-aretoan egingo dute, 19:30ean hasita, eta sarrerak kulturguneko leihatilan eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.