Arantza Santestebanen 918 gau  dokumentala Lisboako Cinema Ideal aretoan izango da ikusgai astebetez, otsailaren 17tik 23ra bitartean. Hiri berdineko DOC Lisboa zinemaldiaren garaile izan zen proiektua azaroan.

Ibilbide polita egiten ari da zinemagile nafarraren film intimo eta esperimentala. Izan ere, DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari. Portugalen hasitako arrakastaren bideak ez du etenik izan, eta hurrengo geltokia izan zuen Italian ere bere lana saritu zuten.

Hain zuzen ere, azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean ospatu zuen 39. Torino Film Festivalean parte hartu zuen 918 gau lanak, eta garaile itzuli zen Euskal Herrira. TFFDOC-Internazionale sailean lehiatu zen  eta Catherine Bizern, Kristina Konrad eta Michael Wahrmann epaimahaikideek zinemagile nafarraren filma izendatu zuten denen artean onena, “film zehatz eta geruza anitzeko batean aurkeztutako tentsio dialektikoak eta konplexutasuna” azpimarratuz.

Berriki, abenduaren 14tik 19ra ospatu den Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian erakutsi du Santestebanek bere lana, eta Latexos saria eskuratuta itzuli da bertatik. Jaialdi galizarreko epaimahaiak azpimarratu du zuzendariak gatazka politiko bat barne-barnetik kontatzeko hautatu duen modua, “arriskuak hartuz, modu koherentean eta zorroztasun zinematografikoz”.

Bide honen hasierara itzuli, eta Doc Lisboa jaialdiarekin lotura zuzena duen O 6.doc programazioaren parte izango da orain. Hiruburu portugaldarreko Cinema Ideal aretoan emango dute lana datorren otsailaren 17tik 23ra bitartean

Bizitzako esperientzia horiei

Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu egileak 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruko Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta aurreikusita dago 2022an helduko dela estreinaldi komertziala.