Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroaren bigarren eta hirugarren saioak hartuko ditu Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak otsailaren 8an eta 18an. Zinemazale eta zinema ikasleei zuzenduta, Icíar Bollaínek Maixabel (2021), eta Carla Simónek Estiu 1993 (2017) filmak izango dituzte hizketagai, hurrenez hurren.

Iciar Bollain eta Carla Simon-zinea

Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean prestatu du Koldo Mitxelena kulturuneak 2022ko urtarriletik apirilera bitarteko ikastaro sorta, eta aurrez aurre zein online jarraitu ahalko dira. Zinemazale eta zinema ikasleei zuzenduta dago, eta helburua “film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzea” da.

Espainiar lurraldeko eta euskal zinemagileak ditu gidari urtarrilaren 14an ekin zioten ikastaroak. Icíar Bollaín, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Trueba izango dira protagonista, eta bakoitzak arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona edukiko du bidelagun: “Zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak haien ikuspegi artistikoak aurkeztuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak”.

Gaur bertan, otsailak 8, ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroaren bigarren saioa eskainiko dute, 19:00etan. Icíar Bollaín zinemagileak eta Koldo Zuazua ekoizleak Maixabel filma izango dute abiapuntu, bere ibilbidea errepasatu eta proiektuak elkarrekin nola eraiki dituzten azalduz.

Hilaren 19an, aldiz, Carla Simon zuzendariak eta Ana Pfaff muntatzaileak Estiu 1993 filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.

Informazio gehiago, hemen.