Alberto Iglesias musikari donostiarra Madres paralelas (Pedro Almodovar, 2021) filmeko soinu banda sortzeagatik Oscar saria irabazteko lehian sartu da. Hollywoodeko Akademiak gaur bertan jakinarazi ditu martxoaren 27an ospatuko duten 94. sariketako behin betiko izendapenak.

Alberto iglesias-Oscar sariak-zinea

Laugarrenez bidaiatuko du Alberto Iglesias konpositore donostiarrak Los Angeleseko Dolby Theatre zoragarrira. The Constant Gardener (Fernando Meirelles, 2005), The Kite Runner (Marc Forster, 2007) eta Tinker tailor soldier spy (Tomas Alfredson, 2011) filmetan egindako lanagatik estatuatxoa jasotzeko aukeratua izan ostean, Pedro Almodovar zinemagile espainiarraren Madres paralelas laneko musika-sorkuntza nabarmendu diezaioke Hollywoodeko Akademiak. Los Angeles Film Critics Association elkartearen errekonozimendua jasotzetik badator ere, martxoaren 27ko hitzorduan, aurrez aurre, Jonny Greenwood (The Power of the Dog), Germaine Franco (Encanto) eta Hans Zimmer (Dune)  eta Nicholas Britell (Don’t Look Up) izango ditu.

Montxo Armendarizen eskutik, 80ko hamarkadan, egin zuen lehen sarraldia zinemarako musikagintzan Iglesiasek. Paisaje eta Ikusmena film laburren soinu-bandak izan ziren. Eta handik gutxira Imanol Uriberen Mikelen heriotza (1984) filmarekin egin zuen jauzi film luzeetara. Dena den, 90eko hamarkadan hasi zen filmetarako soinu-bandak modu jarraiago batean sortzen, eta pixkanaka, Ricardo Franco, Carlos Saura, Pedro Almodóvar, Bigas Luna, Iciar Bollaín, Isabel Coixet zein Julio Medém zinegileekin lan egin zuen.

Nazioarteko filmografiari dagokionez, ordea, Oliver Stonen Comandante (2003), Fernando Meirellesen The Constant Gardener (2005), Marc Fosterren The Kite Runner (2007), Steven Soderberghen Che (2008), Hossein Aminiren The Two Faces of January (2014) eta Ridley Scotten ExodusGods and Kings (2014) lanetan hartu du parte. Besteak beste, Iglesiasek hamaika Goya sari irabazi ditu.

94. edizioko berezitasunak

2018az geroztik, aurrenekoz, aurkezte batek gidatuko du 2022ko Oscar sarien gala. Oraindik ere, Akademiak ez du zehaztu nor izan litekeen, baina zurrumurruek hainbat aktore jarri dituzte jo puntuan. Besteak beste, azken filmetan Spider-Man superheroia interpretatu duen Tom Holland. Misterioa argitu bitartean, baina, zinemazaleek kiniela propioak egiteko tartea dute martxoaren 27a iritsi bitartean. Izan ere, dagoeneko ezagutarazi dituzte kategoria bakoitzeko behin betiko izendatuen zerrendak.

2022ko ekitaldiak izango duen berrikuntza nagusia film onenaren estatuatxoa jasotzeko hautagaiak 10 direla da: Belfast, CODA, Don’t Look Up, Drive My Car, Dune, King Richard, Licorice Pizza, Nightmare Alley, The Power of the Dog eta West Side Story.

Izendapen gehien dituen filma Jane Campionek zuzendutako The Power of the Dog da, hamabirekin -Campion historiako lehenengo emakumea da, gainera, zuzendari onenaren izendapena errepikatzen- eta Denis Villeneuveren Dune-k hamar ditu. Almodovarren Madres paralelas filmak, aldiz, bi: soinu banda onenaren kategoriakoa (Iglesias) eta emakumezko aktore onenaren kategoriakoa (Penélope Cruz).

Bestalde, Drive My Car lanak lau ditu. Ryusuke Hamaguchik zuzendutako lana film onena izateko aukera duen lehendabiziko ekoizpen japoniarra da. Hamaguchi bera zuzendaririk onenaren zerrendan sartu dute, eta egokitutako gidoirik onenaren eta nazioarteko filmik onenaren sarietarako izendapenak ere ditu.

Baina bada beste berezitasun bat ere, Steven Spielberg da sei hamarkada ezberdinetan izendapenak jaso dituen historiako zinemagile bakarra. Gainera, pelikula onenaren estatuatxoa lortzeko lehiatu diren 11 film ekoiztu ditu, beste inork ez bezala.

Ezagutu izendapen guztiak, hemen.