Iragan otsailaren 3an abiatu zen SUNCINE -Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren 18. edizioa, eta hilaren 24ra arte egingo dituzte emanaldiak, Gasteizeko Aldabe gizarte-etxean. Filmen proiekzioez gain, hitzaldiak, txotxongilo saio bat, erakusketak zein ingurumenarekin lotutako beste hainbat ekimen osagarri ere atondu dituzte.

SUNCINE 18-zinea

SUNCINE jaialdiaren helburu nagusia ikusleei hausnarketa sortzen dien filmak erakustea da, ingurumen osasuntsu baten garapen bideragarri baten bilaketa sustatzeko. 1993an sortu zen, ingurumen gaiak eta arazoak salatu, irakatsi eta eztabaidatzeko ikusentzunezko espazio bat sortzeko asmoz. Ikus-entzunezkoen hizkuntzaren bidez ingurumen kontzientziazioa eta hezkuntza areagotu nahi duen tresna ere bada. 2003. urteaz geroztik, jaialdia Gasteizen ere egiten da, eta erakustaldiak edizio bakoitzeko pelikula esanguratsuenen hautaketa bat ekartzen du urtero.

18. edizioa ospatzen ari dira egunotan, eta antolatzaileek egitarau aberatsa eta askotarikoa prestatu dute. Otsailaren 3an hasita, hilaren 24ra bitartean, “nekazaritzako elikagaien eredu berri baten eraikuntzarekin” zerikusia duten fikziozko lanak, dokumentala eta solasaldiak eskainiko dituzte batik bat. Ambiente y Medio fundazioaren sortzaile eta Argentinako egungo Ingurumen ministro Sergio Federovisky biologo eta anbientalista ospetsuak aurkeztua, Punto de no retorno (Nicolás Capeli, 2020) film argentinarrak eman dio hasiera SUNCINE jaialdiari.

Patxi Uriz garestarrak eta Jordi Matas kataluniarrak zuzendutako Quijote y Semillas (2021) lana, aldiz, hilaren 15ean pantailaratuko dute. Santi Cordón sukaldariak eta Alberto Marín permakultoreak bidaia bati ekingo diote beren “begikletan” (baratze mugikorra duen bizikleta) Tuteratik Malagako Zinemaldiraino, azken baratzezainei buruzko dokumental bat aurkezteko. 900 kilometroko bidaia jasangarri hori “kixotesko” bihurtuko da Espainia hustuan barrena, eta hango azken ameslarien ekintza gogoangarri erromantikoak entzuteko aukera emango du. Haziak ere trukatuko dituzte, eta desagertzeko arriskuan dauden sukaldeko altxorrak erakutsiko dizkigute.

Filmen emanaldiez gain, jarduera osagarri gisa,  Slow Food Arabak solasaldi bat dinamizatuko du otsailaren 24an Kiss the Ground (Rebecca Harrel Tickell eta Josh Tickell, 2020) dokumentalaren ostean, eta Euskadiko Hazien Sareak Emakumea eta nekazaritza Zallan (Benjamin Diaz Vergara) film laburra aurkeztuko du otsailaren 16an. Horrez gain, jaialdiak berotze globalak eragindako mehatxu larria salatzearekin lotutako esperientziak ezagutzeko aukera emango du.

Ezagutu egitaraua, hemen.