ZINEGOAK – Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak leiho berezia izango du Filmin streaming plataforman. 8 ziklo eta 60 film jarri dituzte ikusgai, zinema eta aniztasuna bidelagun.

Zinegoak-filmin-zinea

Nazioarteko eta Euskal Herriko 26 film laburrek osatuko dute 2022ko ZINEGOAK jaialdiko sail ofiziala. Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 19. edizioa otsailaren 28tik martxoaren 7ra ospatuko dute, eta norberaren burua izendatzeko eskubidea izango da ekitaldiko ildo nagusia.

Hitzordua iritsi aurretik, baina, Zinegoak elkarteak Filmin streaming plataforman kanal berezi bat ireki duela jakinarazi du, azken urteotako edizioetan erakutsi dituzten filmez osatutakoa. Guztira, 8 ziklo eta 60 film daude ikusgai. Honako hauek dira prestatu dituzten programak:

  • Historia del cine lésbico
  • Nunca es tarde…
  • La sociedad del espectáculo
  • Renovarse o morir
  • En la piel de las otras y los otros
  • Ellas son nuevas referencias
  • Infancia y adolescencia
  • Visiones de Oriente y Occidente

Sexu-aniztasuna nola izendatu euskaraz?

Alaitz Arenzana ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna izango da aurten festibaleko zuzendaria, Zinegoakeko zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea, eta azken hiru urteetan jardunean izan den Paul Guillenen lekukoa hartuko du. Kartela, berriz, Lander Telletxeak diseinatu ditu, festibalarekin lotura zuzena deun sortzaileak, eta “Marioker”, “Lumatza”, “Soropila”, “Kapaza” edo “Kuir” bezalako hitzak irakur daitezke bertan.

June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako kontzeptuak dira irudian azaltzen direnak, eta Zinegoakek bultzatutako “Nola izan/esan bollera euskaraz” proiektuan bildu dituzte. Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, Ainara Artetxek eta abarrek parte hartu dute. Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira bertan, baita hitz-joko bidez asmatutakoak ere. Guztiak, Zinegoak jaialdiaren karteletan egongo dira irakurgai, eta “aldarrikatuko dute eskubidea dugula gure burua izendatzeko nahi dugun moduan, inposatutako etiketarik gabe, ‘izanak egiten baitu izena”.