Azpeitiko Kulturaz kooperatibak sortutako ‘DAPA ikus-entzunezko narrazioak’ proiektuak jaso du ikus-entzunezko Argia Saria. Urtarrilaren 31n eman du Argia komunikazio-taldeak ebazpenaren berri, saritutako saio bildumak “sormena oinarri eta helburu” dituela azpimarratuz.

Argazkia: Dani Blanco
Gertuko eta urruneko historia eta istorioak irudien bidez inoiz baino gehiago jasotzen ditugun gizartean bizi garen honetan, “irudi horiek zer kontatzen duten eta nola kontatzen duten” azpimarratzean dago koska. Hala ebatzi du Argia komunikazio-taldeak, eta hitzok erabilita erabaki du 2022ko ikus-entzunezko Argia Saria ‘DAPA ikus-entzunezko narrazioak’ proiektuari ematea. Usurbilgo Atxega jatetxean (Gipuzkoa) egin zuten atzo sariketa-ekitaldia, eta larunbatera bitartean, egunero sari bana jakinaraziko dute: prentsa, Internet, irratia, komunikazio kanpaina eta merezimenduzko saria.
“Zer egiten dute gure inguruko artistek, zer sortzen dute, nola sortzen dute, zer pentsatzen dute? Nola ikusten dute mundua?”. Azpeitiko Kulturaz Kooperatibak sortua, kultura sortzaileei buruzko 27 dokumental labur argitaratu dituzte bi urtetan. Euskal Herri luze zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak dira, artistak beraiek protagonista eta narratzaile dituztenak: “Bideo labur bakoitzak du bere kontaera, soinu eta irudi unibertso propioa, mimoz zaindua. Ez baita zer kontatzen den soilik, nola kontatzen den ere garrantzitsua baita, eta horretan teknikak, narratiboak eta zinematografikoak, berebiziko garrantzia dute”.
Nora Alberdi Odriozola eta Jose Luis Otamendi Etxabe Kulturaz kooperatibako eta DAPAko lantaldeko kideek hartu dute saria, eta esker hitzak izan dituzte bidelagun izandako kide, talde eta sortzaileentzat. Emaitzaren atzean “bi urteko lana” dagoela azpimarratu du Alberdik, eta “xedea euskal kulturari bizirik eta osasuntsu eusten saiatzea” dela, berriz, Otamendik.
Azpeitiko Kulturaz kooperatibak sortutako ‘DAPA ikus-entzunezko narrazioak’ osatzen dituzten 27 pilulak ikusgai daude proiektuaren webgunean zein Argia aldizkariaren eta BERRIAren webguneko Kultura sailean.