Bederatzigarrenez banatu ditu iragan larunbatean (urtarrilak 29) Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak Feroz Sariak, eta ikus-entzunezko sektoreko hainbat profesional euskal herritar saritu dituzte. Besteak beste, Urko Olazabal taldeko gizonezko aktore onena izendatu dute, Maixabel filmean egindako lanagatik, eta Alberto Iglesias musikariak Madres paralelas pelikularako konposatutako soinu banda nabarmendu dute. Diego San Josek sortutako Venga Juan telesaila ere saritu du elkarteak.

urko-olazabal-feroz-Feroz sariak-zinea

Iazko edizioan protagonista nagusiak izan baziren ere, 2022ko urtarrilaren 29an Zaragozan banatu dituzten Espainiako Zinema Berriemaileen Elkartearen Feroz sarietan hautagai euskal herritarrek eskuratutako uzta ez da horren oparoa izan. Ekoizpen espainiarra duten film luze eta telesailak oinarri dituen sariketa ekitaldia Zaragozako Auditorioan ospatu dute modu presentzialean, Nacho Vigalondo zinemagile eta Paula Púa monologistak aurkeztuta. Cecilia Bartolome zinema zuzendaria izan da ohorezko sariduna, frankismo garaian zentzura gogorra pairatu zuen emakumezko zinemagilea. Haren lanak ezagutzera emateko, atzera begirako berezi bat prestatuko dute Espainiako eta Zaragozako filmategiak.

Zinemari dagokionez, Fernando León de Aranoak zuzendutako El buen patron eta Iciar Bollainen Maixabel izan dira hautagaitza gehien izan dituzten filmak, eta aurreikuspen guztiak betez, komedia eta pelikula dramatiko onenen sariak eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Koldo Zuazua Kowalski Films ekoiztetxeko kide donostiarrak “filmak ezker abertzalearengandik zein eskuineko sektoreetatik jasotako harrera beroa” azpimarratu du taula-gainean, Maixabel Lasak duen indarra, balioa eta konpromisoa ere goraipatuz. Guztira, beste bi garaikur lortu ditu León de Aranoaren ekoizpenak -gidoi onena eta gizonezko aktore onena, Javier Bardementzat-, eta taldeko gizonezko aktore onenarena Urko Olazabalek, Bollainen filmean egindako lanagatik. Aktore bilbotarrak bere “eskolako ikasleei, senideei eta lagunei” eskaini die jasotako errekonozimendua.

Alberto Iglesias musikari donostiarrak bi izendapen izan ditu 2022ko Feroz sarietan, Maixabel eta Madres paralelas lanetarako soinu bandak sortu baititu. Pedro Almodovarrek zuzendutako lanerako konposizioa goraipatu dio Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak. Bestalde, Leire Apellaniz bilbotarrak ekoiztutako Espiritu sagradok (Chema Garcia Ibarra) fikziozko Arrebato Feroz saria bereganatu du, bestelako proposamen estetikoak, ausartak eta berritzaileak direnak aldarrikatzen dituen sari berria.

Telesailei dagokienez, taldeko emakumezko aktore onenaren izateko aukerak izan dituzte Itsaso Arana tafallarrak (Reyes de la noche, Adolfo Valor eta Cristobal Garrido) eta Najwa Nimri iruindarrak (La casa de papel, bosgarren denboraldia), eta gizonezkoena Karra Elejalde gasteiztarrak (La Fortuna, Alejandro Almenabar). Aldiz, Ana Rujas (Cardo) eta Javier Cámara (Venga Juan) izan dira sariak jaso dituztenak. Gainera, telesail dramatiko eta komiko onenak izendatu dituzte, Cardo eta Venga Juan, hurrenez hurren. Diego San Jose Venga Juan telesaileko sortzaileak berau sortzeko izan duen “askatasun harrigarria” izan du mikofronoa aurrean hizketagai.

Heldu bilakatzen ari den hitzordua

Zaragozako Auditorioan ez da ikus-entzulerik izan, eta bertan izan diren industriako profesional eta hautagaiek musukoa jantzita eduki behar izan dute uneoro. 22:00etan hasi den gala gainera, Youtuben izan da ikusgai, Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak ezin izan baitu lortu Espainiako telebista publiko zein pribatuekin akordiorik lortu.

Nacho Vigalondo zinemagile eta Paula Púa monologistak aurkeztu dute gala, eta COVIDari erreferentziaz josi dute gaua. Maria Guerra Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteko zuzendariak hitzaldia eman du, ohi bezala, eta zinemagile, aktore eta kazetarien arteko harremana erraztu egin beharko litzatekeela nabarmendu du, elkarrizketa birtualak gaitzetsiz, besteak beste.

Bederatzigarrenez banatu dituzte aurten Feroz Sariak, eta badirudi sari-banaketa denboraldian oihartzuna izaten hasi dela hitzordua. Urrezko Globoen bertsio espainiarra izan nahi dute, ikuspegi akademikotik kanpo jardungo duena. 230 kazetari eta zinema kritikarik osatzen dute gaur egun elkartea .

Ezagutu saritu guztiak, hemen.