Donostiako SADE zinema enpresak mendiarekin eta alpinismoarekin lotutako bi emanaldi berezi atondu ditu otsailerako. Oraindik komertzialki estreinatu gabeko Torn (Max Lowe, 2021) eta The Alpinist (Peter Mortimer eta Nick Rosen, 2021) erakutsiko dituzte Trueba aretoan, hilaren 3an eta 10ean.
Ohiko programazioaz gaindiko saio berezi bi aurreikusi ditu Donostiako SADE enpresak Trueba zinema aretoan otsailerako. Mendiak, alpinismoak eta zinemak bat egingo dute Hego Euskal Herrian oraindik ere estreinatu gabeko bi ekoizpenetan, eta abenturazaleek aukera ezinhobea izango dute bi istoriook ezagutzeko. Emanaldiak hilaren 3an eta 10ean izango dira, 20:00etan, eta bertaratu nahi dutenek dagoeneko eskuragai dituzte sarrerak.
Max Lowe zinemagile estatubatuarraren lehen film luzea da lehenengo erakutsiko duten lana, Torn. National Geographic erakundearentzat film laburrak zuzendu ditu, eta argazkilaria ere bada sortzailea; The North Face, Calvin Klein eta Toyota enpresentzako ere lan egin du. Bere estreinako filmean, Himalayako Shishapangma mendian luizi baten ondorioz hildako bere aitaren memoria biziberrituko du. Conrad Anker eskalatzailea izango du bidelagun, aitaren lagun-mina, eta haren heriotzaren ostean, bere familiaren kargu hartu zuen gizona.
Heriotza tragiko bat izango da ere ziklo txiki honetako bigarren ekoizpenaren abiapuntua. The Alpinist lanean, Peter Mortimer eta Nick Rosen zinemagileek 2018an Alaskan hil zen Marc-André Leclerc eskalatzailea izango dute gogoan. Bakar bakarrik eta eutsiko liokeen sokarik gabe aritu zalea zen gazte kanadarra. Mendelhall Towers mendia jaisten zebilela, luizi batek harrapatu eta bertan zendu zen.