Gernikako Zineklubak otsailean hasiko ditu 40. urteurrena ospatzeko prestatutako jarduera bereziak. Ohiko legez, ostiralero egingo dituzte saioak Lizeo Antzokian, eta zinema klasikoa gogoratuko lehen saioetan. Hilabete bukaeran, Pedro Olea zinemagile bilbotarrari eskainiko diote omenaldia. Martxoan, bestalde, Carol Reed eta Fritz Lang izango dira protagonista.
Ospakizunetarako urtea du 2022a Gernikako Zineklubak. 1982an ekin zioten ohiko zinemetan tokirik ez duten filmak proiektatzeari, herriko zinemazaletasuna hauspotzeari, eta oro har, bizilagunen elkargune izateari. Bermeoko Kresala zinema-foroa izan zuten Juan Luis Ugalde, Diego Gandarias eta Iñaki Etxaniz sortzaileek erreferentzia, eta haiek bultzatuta, areto komertzialetan pantailaratzen ez zituzten lan ausartenak herritarrei hurbiltzen hasi ziren.
180 lagun inguru elkartzen dira ostiraletan, Gernikako Lizeo Antzokian, eta herriko hainbat elkarteekin lankidetzan ziklo bereziak antolatzen dituzte urte osoan zehar, besteak beste, Gernikako Bonbardaketaren harira pentsatutakoak, ziklo tematikoak, Lekuek musika festibalarekin lotutakoak etab.
2022an 40 urte beteko ditu Gernikako Zineklubak, eta arduradunek otsailean hasiko dituzte urtemuga ospatzeko jarduerak. Zinema klasikoari, noir generoari, gorazarre eginez, Otto Premingerren Laura (1944) eta Orson Wellesen Touch of Evil (1958) emango dituzte otsailaren 11n eta 18an, hurrenez hurren.
Baina euskal zinemarekiko konpromiso argia dutela erakutsiz, etxera begira prestatu dituzte hurrengo bi saioak. Hain zuzen ere, Pedro Olea zinemagile bilbotarra omenduko dute hilaren 24an eta 25ean. Pablo Malok zuzendutako Olea… ¡más alto! (2019) dokumentala emango dute ostegunean, eta Oleak berak zuzendutako Ikuska 2 (1979) film laburra zein Akelarre (1984) film luzea proiektatuko dituzte hurrengo egunean.
Martxoan, bestalde, Europara begira jarriko dira. Carol Reed zuzendari ingelesaren The Third Man (1949) eta Fritz Lang alemaniarraren M (1931) emango dituzte.
Emanaldi guztien aurretik gonbidatu bereziak taularatuko dira, saioa aurkeztera, eta ostean solasaldirako tartea egongo da.
Zinemazaleen bilgune
Pedro Durana Gernikako Zineklubeko ordezkariak aurreratu bezala, herriko zinema aretoen historia errepasatuko duen dokumentala prestatzen ari dira. Gidoia idatzita badute ere, COVID19aren pandemiak errodajea zaildu duela adierazi du, eta ez dakite noiz estreinatu ahalko duten. Gernikako 30 bat zinemazale elkarrizketatzea da asmoa, azken 40 urte hauetan herrian zinemak izan duen garapena azter dezaten. Horrez gain, filmetako 300 kartel, eskuko programa eta hainbat dokumentu grafiko txertatuko dituzte dokumentalean.