Albertina Carri zinemagile eta ekintzaileak jasoko du 2022 urtean ZINEGOAK – Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiko sari nagusia. Omenaldi gisa, zuzendari argentinarraren obrari buruzko ziklo berezia hartuko du programazioak.

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da eta zuzendaritza artistiko berria izango du, Alaitz Arenzana artista bilbotarra. Hain zuzen, haren ahotik ezagutu dugu gaur Albertina Carri zinemagile eta aktibista argentinarrak jasoko duela mostraren 19. Edizioko Ohorezko Saria: “Hego Amerikako sortzaile belaunaldi berri baten ahotsik nabarmenetakoa da. Bere lana etengabeko esplorazio bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen den guztiari ikusgarritasuna emateko, hizkuntza propioen bidez”.

Izan ere, Albertina Carrik ibilbide luzea du zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktibista feminista gisa. Buenos Airesko Universidad del Cine Fundazioan egin zituen gidoigintza ikasketak, eta hainbat film laburren sorkuntza lanen bidez hasi zen bere ibilbidea ehuntzen: hala nola, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste  (guztiak 2001. Urtean sortutakoak), Fama (2003), De vuelta (2004) edo Restos (2010).

Rotterdameko, Londresko edo Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen lana estreinatu berritan abiatu zuen bere bidaiarik garrantzitsuena:  aita eta ama izan zituenen bilaketa, Roberto eta Ana Maria, intelektual eta militante iraultzaileak, 1977ko diktadura militarrak bahituak eta berak lau urte besterik ez zituenean desagerrarazitakoak. Hain zuzen, bilaketa hori izan zen bere bi ondorengo lanen oinarria: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) hipnotiko eta bizia.

Hutsuneak ulertzeko bidaia honekin batera, sexualitatea ere landu du bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmak ditu horren adibide, bietan sexua izan baitzuen ardatz narrazioaren garapenerako zein pertsonaien definiziorako. Aitzitik, Las hijas del fuego (2018) filmean landu zuen sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura handiena. Berak deskribatu eta azpimarratzen duen bezala: pornografia lesbofeminista da, generoaren konfigurazio berri bat bilatzen duena, adiera posible askotan. Horrez gain, emakumeen gozamena erakusteko modua ere berreraikitzea bilatu du bere lanetan, begirada maskulinotik urrunduta, erotizazioa besterik nahi ez duena.

Zinemaz gain, hainbat  telebistarako saioren sortzaile eta sustatzaile izan da Carri: La bella tarea, emakumeen haurdunaldiari eta erditzeari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituen dokumental saila; Visibles, LGTBI+ argentinar errealitateari buruzko dokumental formatua edo 23 pares  fikzioa. Amaitzeko, Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da.

Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 7ra bitarte egingo dute aurtengo jaialdia, eta Arriaga antzokiak hartuko duen inaugurazio ekitaldian jasoko du aitortza zinemagile argentinarrak.

Ziklo berezia

Ohorezko saria dela eta, Carriren zinematografia oinarri duen ziklo berezia hartuko du bere gain ZINEGOAK jaialdiaren programazioak eta, hala, bere hainbat lan proiektatuko dituzte martxoaren 1etik 4ra bitartean BilbaoArten. Halaber, otsailaren 27an, inaugurazio ekitaldiaren bezperan, Zinegoakek Las hijas del fuego proiektatuko du, 18:3ean BBK Aretoan. Albertina Carrik solasaldian parte hartuko du Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministarekin batera.