Laburbira zirkuituaren XIX. edizioan euskarazko 9 film labur eskaintzeko aukera luzatu die Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko elkarte eta udalei. 2022ko otsailaren 25etik martxoaren 27ra bitartean ospatuko dute ekimena, eta hautatutako lanak erakutsi nahi dutenek otsailaren 11ra arte dute eskaera egiteko izen-emate epea zabalik.

Laburbira 2022-zinea

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Hain zuzen ere, helburu birekin jarduten dute Laburbira zirkuituaren antolakuntzan: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 19 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora, eta hautaketa batzordeak 9 film labur aukeratu ditu 2022ko otsailaren 25etik martxoaren 27ra bitartean herriz herri erakusteko: “Aukeraketa prozesu hau lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontutan hartuz burutu da, 80 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu eta ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz”.

Jarraian Laburbiraren XIX. edizioaren baitan eskainiko dituzten 9 filmak:

  • Serendipia (Iban del Campo)
  • Itsasontziaren mugimendua (Alba Romera eta Rony Levoz)
  • Lanbroa (Paula Iglesias)
  • Falta zaizuna (Jose Luis Gomez)
  • Hurrengo geltokia (Naia Aizpurua)
  • Reweind (Amaia San Sebastian)
  • Turnoka (Aitor Alberdi)
  • Subandilla (Josu Martinez)
  • Itsaso (Sergio Martinez)

Emanaldiak antolatzeko eskaerak

Euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta izanik, Laburbirak 2021 urtean zehar ekoitzitako film labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskainiko die euskal herritarrei. Horretarako, elkarte eta udalen izen-ematea zabaldu du webgunean, otsailaren 11rarte.

Interesatuek bertan aukeratu dezakete otsailaren 25etik martxoaren 27ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.

Informazio gehiago, hemen.