Blanca Camell Galí, Hugo Amoedo eta Magdalena Orellana zinemagileek hartuko dute parte Iruñeko Punto de Vista jaialdiaren X Films ekimenean. Proiektu irabazlea ikus-entzunezko sormen lan batean gauzatuko da, Nafarroan, eta jaialdiaren 2023ko edizioan izango da ikusgai.
2010. urteaz geroztik Punto de Vistak hiru errealizatzailei luzatzen die gonbita urtero, Nafarroan filmatuko den dokumental saiakera baten proiektua aurkezteko. X Films proiektuak Juan Huartek 1963an sortutako ekoiztetxe nafarretik hartu zuen izena; haren ideia baitzen interes artistiko bereziko filmak bultzatzea. Mezenas espiritu hura berreskuratzeko asmoz, jaialdia produktore bilakakatzen du ekimenk honek, zinemagile berriei obra berri bat sortzeko aukera eskainiz eta, aldi berean, ez-fikzioaren panoramaren ahots berriak Nafarroan ezagutzera emanaz.Bada, 2022ko edizioan, Blanca Camell Galí, Hugo Amoedo eta Magdalena Orellana izango dira sormen erronkari helduko dioten zinemagileak.
Aurki aurkeztuko duten epaimahaiaren esku egongo da hiru proposamenen artean onena hautatzeko ardura, eta proiektua 2022ko apiriletik 2023ko martxora bitarteko tartean garatu beharko du irabazleak, saiakera pertsonal modura, eta gutxienez hogei minutuko iraupenarekin. Filma Punto de Vista jaialdiaren hamazazpigarren edizioan estreinatuko da.
Iazko edizioa
2021ean, Tamara García, Irati Gorostidi eta Elisa Celda izan ziren euren proposamenak defendatu zituzten hiru emakumezko sortzaileak, eta Marta Ponsak eta Ane Rodríguez Armendrizek osatutako epaimahaiak Gorostidiren San Simón 62 proiektua aukeratu zuen: “San Simón 62 lanak gaur egun bizi ditugun krisialdietan sortzen diren bizimodu alternatiboen planteamendua islatzen du”, adierazi zuten orduan.
Filma sortzeko prozesuan, beste zinemagile batek, Mirari Etxabarrik, bat egin du obraren zuzendarikide gisa. Datorren martxoaren 14tik 19ra ospatuko den 16. edizioak hartuko du San Simón 62 lanaren mundu mailako estreinaldia.